Zumarragako Gabonetako argiak Nagusilanek piztuko ditu, bihar
Herriko kaleak girotzeko eta merkataritzan kontsumoa bultzatzeko helburuarekin, aurten ere Zumarragako Udalak Gabonetako argiak pizteko ekitaldia antolatzea erabaki du. Ekitaldia bihar (osteguna) izango da: 19:00etan, Euskadi plazan. Urtero herriko elkarte batek pizten ditu argiak eta aurten Nagusilanek piztuko ditu. Lehenago, 18:30ean, gerturatzen diren guztiek txokolate-jana egingo dute eta photocall batean parte hartzeko aukera izango dute. Argiak piztu ondoren, trikitilariek herriko kaleak alaituko dituzte.
Nagusilaneko boluntarioek adinekoei laguntzen diete. Zumarragako adinekoen egoitzan, adibidez, egoiliarrekin ekitaldi ezberdinetan parte hartzen dute. Bakardadeari aurre egitea da helburua. Zumarragako Udalak bere babesa adierazi nahi dio elkarte honi, Nagusilanek egiten duen lan desinteresatua aitortu nahi izan dio, aurtengo Gabonetan udalerriari “argia emango dion eskua” izateko gonbidapena egin baitio.
Gabonetako argiei dagokienez, berrikuntza nagusia Piedad kaleko zuhaitzetan ere argiak jarri dituztela da. Argi guztiak LED teknologiadunak dira. Aurrekontua ia 50.000 eurokoa da. Eusko Jaurlaritzak diru-laguntza eman du. Udalak erosketak herrian egiteko eskatu die bizilagunei.