EH Bilduk bi udal gobernuei egin dizkien elkarlanerako proposamenek ezezkoa jaso izana gaitzetsi du
EH Bilduk Urretxu eta Zumarragako udal gobernuei egin dizkien elkarlanerako proposamenek ezezkoa jaso izana gaitzetsi du. Horra hor EH Bilduk komunikabideetara igorritako oharra:
“Bakarrik azkarrago, elkarrekin urrutiago kontzeptuari jarraiki, aurten ere EH Bilduk aurrekontu prozesuan ekarpen ezberdinak egin dizkie Urretxuko eta Zumarragako udalei, elkarlanean sakontzeko asmoz. Bi herrietako herritarren gehiengoaren nahi eta beharrei erantzuten die planteamendu horrek. Urretxu eta Zumarragako herritarrak auzolanean aritzen gara, horregatik behar dugu bi udalen arteko elkarlanerako zubilan handiagoa. Oraindik ez dugu ulertzen bi herrientzat oinarrizkoak eta estrategikoak diren gaietan zergatik ez diren elkarlanerako guneak eraikitzen. Denborak arrazoia emango digu, ziur gaude.
Hauek izan dira bi udal gobernuei aurkeztu eta atzera bota dizkiguten proposamenak:
-Merkataritzaren etorkizuna: 18-25 urte bitarteko gazteei zuzendutako bonoak banatzea Zumarraga eta Urretxuko establezimendu guztietan gastatzeko. Gazte bakoitzak 10 euroko 5 bono jasoko ditu, 50 euro.
-Mugikortasun bateratu jasangarria: Bi herrietan AuzoBus zerbitzu bateratua martxan jartzeko konpromisoa eta horretarako azterketa teknikoa lantzea. Era berean, bi udalerrien arteko garraio zerbitzua aldundiaren eskumena dela kontutan hartuta, aldundiarekin elkarlanean aritzeko konpromisoa.
-Aisialdia eta ikastetxeen arteko elkarlana: Hezkuntza Legeari jarraiki Zumarraga eta Urretxuko hezkuntza kontseilua martxan jartzea 2025ean. Kontseiluaren lehen egitekoa eskolaz kanpoko aisialdi antolatua, euskararen arnasgune izan dadin, elkarlanean lan egitea izango delarik.
-Euskararen garapenean jauziak: Zintzo-Mintzorekin egindako bekaren ondoriozko ekimenak eta neurriak martxan jartzeko konpromisoa eta bi herrien artean eragile instituzional eta sozialez osaturiko Euskararen Mahaia eratzea proposatzen dugu.
-Gizarte zerbitzuen unibertsaltasuna: Zumarraga eta Urretxuko gizarte zerbitzuen laguntza eta zerbitzuak koordinatu eta zerbitzu karta bateraturantz joateko lanketa eta azterketa egitea.
-Kultura eta aisialdira sarbidea erraztu: Musika eskolako matrikuletan progresibitatea sartzea beka sistema bidez.
-Kiroldegiko txartel bateratua: Ispilla eta Aldiri kiroldegietako txartelek bi kiroldegietarako sarbidea izatea. Honekin, Urretxu zein Zumarragako herritarrek, bono berdina ordainduz, bi herrietako zerbitzuak zein instalazioak modu berean erabiltzeko aukera izatea proposatzen dugu.
-Osasun komunitarioko estrategia garatzea eta osasun kontseilua eratzea PAC elkartea, anbulatorioa, ospitalea eta eragile sozial desberdinekin batera.
Hala eta guztiz ere, legegintzaldiari begira, hurrengo urtean ere baldintzak sortzen eta proposamen eraginkorrak aurkezten jarraituko dugu, uste baitugu afera honek herritarren gehiengoa ordezkatzen duela”.