Goierriko sagardogileek bat hartuta hasi dute aurtengo txotx sasoia, lehen aldiz. Eskualdeko sagardogintzaren egoera eta pisua ona dela dio Unai Agirrek, Gipuzkoako Sagardogile Elkarteko koordinatzaileak. Hobetu beharreko arloak ere erakutsi ditu. Nolakoa da Goierriko sagardotegien martxa? Goierrik zer indar du sektorean? Oso indar handia dauka. Beterrik fama gehiago edukiko du, baina Goierrin ere gauzak oso ondo egiten ari dira, sagardoari dagokionez. Gero eta indar gehiago du, eta jendeak badaki. Aurten, lehenengo aldiz, irekiera bateratuta egin dute. Garrantzitsua dira horrelako ekitaldiak, egiten duten lan hori guztia bistaratzen dutelako. Zorionak eman nahi dizkiegu, bai Goiturri, bultzatu duelako, eta baita sagardogileei ere, animatzeagatk. Bidea hau da. Elkarteak eta sagardogileek zer erronka dituzue gertuenekoak? Bide bat markatu nahian gabiltza azkeneko urteetan, bertako sagarraren eta kalitatearen inguruan. Sektorea horretan dago buru-belarri murgilduta. Horrez gain, guretzat oso garrantzitsua da sagardoaz gain eta botilako salmentaz gain, sagardotegia bera eta esperientzia berriak sortzea, turismoa erakartzeko. Bertako jendeari ere eskaintza ona egin behar zaio, ohitura manten dezan. Bi erronka ditugu. Bat, sagardoa bera poliki-poliki hobetzen segitzea; nahiz eta asko hobetu den, segitu beharra dago, bukatzen ez den lan bat delako. Eta sagardotegiko esperientzian pultsua mantentzea. Sagardogileak gero eta arduratuago daude sagar ekoizpenarekin, lehengaia hori dutelako. Arlo horretan, zer asmo [...]