Goierriko enpresa txikiak eta handiak elkarrekin ari dira lanean, ekonomia krisiaren ondorioz, munduan sortu den egoera berriari aurre egiteko asmoz. Lankidetza, elkarlana aukeratu dute tresnatzat. Lankidetzan ari dira Goierriko enpresa txikiak (Get), Goierriko enpresa handien beharrei erantzuteko trebatzen eta garatzen. Indar metaketa horretatik handiago eta lehiakorrago sentitzen direnez, munduko merkatuetara ere atera nahi dute, Get Goierri Basque Country markaren pean. Goiekiko Niko Errasti, Mikel Mujika eta Borja Urretabizkaia ari dira lankidetzari bidea errazten saiatzen. 2008az geroztik, ekonomia krisia urak astintzen hasi zenetik, Goierriko enpresak elkarlanean ari dira, Goiekik bideratuta. Niko Errasti, Mikel Mujika eta Borja Urretabizkaia, Goiekiko teknikariak dira, sare hori aurrera ateratzeko bidea errazten dabiltzanak. Bost talde edo foro dagoeneko martxan dira, eskualdera zein mundura begira. Krisialdiek ikasteko balio izaten omen dute. Krisiak zer aldatu du enpresen filosofian? Niko Errasti: Lehen, bakoitzaren beharretara zuzenduta aritzen ginen lanean. 2008an konturatu ginen gauzak aldatu egin zirela, eta enpresekiko erantzuna ere azkarragoa behar zela. Dudarik gabe, garai berrietara egokitzeko eta krisiari aurre egiteko, garbi ikusten genuen beste era batera jokatu behar genuela. Banaka jokatu beharrean, sarean jokatzeko aukera ikusi genuen. Enpresa txikiei deialdi bat egin genien, elkartu eta nahi zutenekin, lanean hasi ginen. Azken finean lankidetza sarea da, tresna, herraminta. Zeintzuk dira [...]