Urteko azken egunean eta biharamuneko lehenengoan ohitura sustraitua da Goierrin mendira igotzea. Aizkorrin jendetza biltzen da. Herrietan, ordea, bertako gailurretara txangoa egiteko usadioa ere bada. Gero eta gehiago. Aizkorrin xanpaina barra-barra ibiltzen da abenduaren 31n. Ohiko ogitartekoen ordez, edo haien lagungarri, otarrainxka egosiak ere eramaten dituenik bada. Eta turroia, hutsik gabe. Urte Zahar egunean, ohitura sustraitua da mendietara igotzea; izan Aizkorrira, Txindokira edo Goierriko beste hainbatera. Jendetza bildu ohi da, urtero, Aizkorrin. Eguraldiak baimentzen duenean harkaitz artean; haize izoztuak edo are txingor txiki mingarriak jotzen duenean ahal den tokian babestuta —ermitatxoan edo aterpean—, festa izaten da. Aspalditik. Bazen idatzi gabeko arau bat ere: Urte Zaharrean Aizkorrira, eta Urte Berrian Txindokira. Joera hori asko lasatu da azken urteotan, eta bi mendi sinboliko horietako masifikaziotik ihesi —jendetza pilatzen da—, herriko gailurretara joaten hasi dira hainbat herritan. Zumarragan eta Urretxun aspaldiko ohitura dute urtearen azken egunean mendi buelta egitekoa. Herritar talde batek antolatuta, San Silbestre Mendi Ibilaldia egin ohi dute, aurten 18.a. Bi ibilbide dira, 08:30ean abiatuta: laburra (Euskadi plaza-Izazpi-Beloki-Antio-Arkaitzeta) eta Bost Gurutzeren Bisitaldia deituriko luzeagoa, 5 bat ordukoa: plaza- Aginaga- Oleta (844m)-Izazpi (972m)-Beloki (641m)-Antio-Arkaitzeta. Bukaera polita, giroa ona Bi txangoetako ibiltariek 11:45ean Izazpin bat egiten dute, taldeko argazkia ateratzeko. 13:00ak aldera, Antio [...]