GOIERRIKO HITZAk 20 urte bete baldin baditu, eskualdeko udal guztiek proiektua babesteko egin duten ekarpen eta lan guztiagatik izan da. Arduradun politikoak aldatu dira, baina sostenguari eutsi diote. Albiste barruan ikus ditzakezue Goierriko 22 udalerrietako alkateak HITZA egunkaria eskuan.
Kolaborazio hauek beharrezkoak ikusten ditugu, komunikabide txikiak garelako, bakoitza bere nortasun eta baliabide ezberdinekin. Elkarren laguntza eta elkarlana ezinbestekoak direlako, herritarrei ahalik eta komunikabiderik onenak eskaintzeko helburuarekin, izan idatziz, ikusiz edo entzunez.
GOIERRIKO HITZAk beste hainbat senide ditu inguruko eskualdeetan. Bertako Hedabideetan biltzen dira batzuk, eta euskarazko hedabide gehienak Hekimen sarean.
Eskualdeko kultur eta kirol jarduera askoren babesle izan da 20 urtean GOIERRIKO HITZA. Ehunmilak, Ordiziarrok eta Korosti Trail dira horietako batzuk.
Mikel Markotegi legazpiarrak duela hiru-lau urte egin zuen HITZAren harpidetza digitala. Goierriko berri jakiteko informazio iturri "interesgarri eta bikaina" iruditzen zaio. Albisteez gain, agenda ere kontsultatzen du, eta zozketa batean baino gehiagotan izan da saridun.
Hitzakide digitala da idiazabaldarra. Paperekorik ez du hartzen etxean, baina hala ere 50 euroko ekarpena egiten dio urtean GOIERRIKO HITZAri webgunean irakurtzen dituen albisteen truke.
Ordiziako Mujika liburu dendako semea da Ekain Mendizabal. GOIERRIKO HITZAren hasiera-hasieratik laguntzaile eta iragarle izan dira. Familia guztia dira Hitzakideak, eta inguruko ekintzen berri euskaraz jasotzeko informazio iturri baliagarria iruditzen zaio.
Goierrik, zorionez, ekonomia sare indartsua du, elkarlana bilatzen duena, bertakoa babesten duena eta euskara sustatzen duena. Esan daiteke gure hedabideetan argitaratzen dena eskualdearen nolabaiteko isla ere badela; publizitatea egiten duten iragarleek, bakoitzak beren motibazioekin, bat egiten dute balio horiekin guztiekin.
Goierritarra Kultur Elkartea, Zintzo-Mintzo Kultur Elkartea, Goierriko eragile ezberdinak biltzen dituen Goierriko Berriak Kultur Elkartea eta Berria Taldeko Bertako Hedabideak izan ziren GOIERRIKO HITZAren proiektuaren bultzatzaileak orain hogei urte. Gaur-gaurkoz, eskaintza informatibo erakargarria eta osatua eskaintzeaz gain, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzea da datozen urteetako erronka nagusia.
Bi hamarkada hauetako ibilbidean argazkilari eta bideo-egile askoren laguntza izan du GOIERRIKO HITZAk. Bihoakie erreportaje honen bidez lantalde guztiaren eskerrik beroena.
Sekula izan duten irakurle kopuru handiena dute gaur egun Goierriko Hedabideek kudeatzen dituzten edizioek. Webguneetako irakurleek eragin dute igoera.