Gaur gauean bukatuko da hauteskunde kanpaina; orain arte esandakoak errepasatu eta gogoeta egiteko garaia da orain. Goierriko Hitzak, alderdi politiko nagusietako ordezkariak elkarrizketatu ditu, kanpainak iraun dituen bi asteetan.
Alderdi politiko gehienek, krisiari aurre egitea eta herritarren partehartzea bultzatzea aipatu dituzte, kanpainako helburuen artean.
UNAI BAZTARRIKA (Aralar)
«Fokoa krisian jarri behar dugu eta eskualde mailako erantzunak eman»
«Ezkerreko alternatiba abertzalea» eskaini nahi du Aralarrek. Beasaingo Udalerako «partehartzea eta gardentasuna» agindu ditu Bazkarrikak. Eskualde mailan, erronka nagusia «krisiari aurre egitea» izango da, eta «ezkerreko irtenbideak ematea». Udalean «eredu fiskala aldatu» eta etxebizitzen «alokairu soziala» bultzatu behar dela uste dute.
JUDIT GARCIA (Bildu)
«Bilduk ilusioa sortu du gizartean eta aldaketarako giltza izango da»
Aurrenekoz aurkeztuko da Garcia hauteskundeetara, Batzar Nagusietarako hautagai gisa. Bilduk gizartean «ilusioa» sortu duela eta «aldaketarako giltza» izango dela dio. Bide politikoen aldeko konpromisoa berretsi du eta konponbideari begira, «bide onean» doazela uste du. Lanaren banaketa egokiaren eta lehen sektorearen aldeko apustua egin du.
IÑIGO PEÑAGARIKANO (EAJ)
«Alkaterik onena duen herriak ere, herritarrik gabe, ez du aurrera egingo»
Herriko hainbat elkartetan parte hartu ondoren, alkatetzarako aurkeztu da Peñagarikano. «Serranoren aro presidentzialistarekin bukatu» eta herriko taldeei tokia eta protagonismoa eman nahi dizkie. Bere ustez, «alkaterik onena duen herriak ere, herritarrik gabe ez du aurrera egingo». Krisiari aurre egitea eta herrien arteko elkarlana ditu helburu.
JULENE HIDALGO (EB-Berdeak)
«Herritarrak erabaki guneetan egotea bultzatuko dugu, udala herritarrei gerturatu»
Azken legegintzaldian egindako lanari eutsi eta «konpromiso sozialaren alde lanean» jarraitu nahi du Hidalgok, batez ere emakumeetan eta gazteetan oinarrituta. «Ezkerreko politika soziala» bultzatuko dute eta «herrien eta naturaren arteko oreka» bilatu. Udala herritarrei gerturatu nahi diete; «herritarrak erabaki guneetan egotea bultzatuko dugu».
JOXE ARIZMENDI (Hamaikabat)
«Gure eremua abertzaletasun instituzionala da, muturretatik urrun egon nahi dugu»
Ordiziako Udalean eta Foru Aldundian aritu eta gero, atzera zinegotzi izatera itzultzeko prest da Arizmendi. Hamaikabaten eremua «abertzaletasun instituzionala» dela dio eta «muturretatik urrun» egon nahi dutela. Lehentasuna «krisiari aurre egitea» izango du, eta Ordiziarako, oinezkoen gunea zabaltzea eta lurpeko aparkalekua egitea ditu helburu.
BEGOÑA PEREIRA (PP)
«Zumarragan orain arteko ildotik jarraituko dugu; herritarren alde lan eginez»
Urretxun eta Lizartzan zinegotzi izan eta gero, Zumarragara «lan egiteko gogo eta indar gehiagorekin» dator. Orain arteko ildotik jarraitu nahi du lanean, «herritarren alde lan eginez». Krisiari aurre egiteko, «enpresari txikia eta autonomoak babestu eta enplegua sustatu» nahi ditu. Atzerritarrei ematen zaizkien laguntza berak nahi ditu bertakoentzat.
IÑAKI DUBREUIL (PSE-EE)
«Gogotsu nago, Ordiziarako zer nahi dugun oso argi baitaukagu»
Alkatetzara laugarren aldiz aurkeztuko da Dubreuil. Udaletxea «barru-barrutik» ezagutzen du eta bere hitzetan, «oso ondo dakigu zer nahi dugun». Krisiari aurre egiteko, Berrikuntza Gunea eta industria sustatu behar direla dio. San Joan auzoko etxebizitzak bukatu eta kirol eta kultur arloko ekipamendu berriak egitea proposatzen dute sozialistek.