Euskarazko hedabideek diagnostiko eta erronka komunak aurkeztu dituzte
2011n elkarrekin hasitako bideari segituz, herri ekimenez sortutako euskarazko hedabideek agerraldi bateratua egin dute Andoainen (Gipuzkoa), sektorearen diagnosia eta erronka komunak identifikatzen dituen dokumentua sinatu eta jendaurrean aurkezteko. Momentuz 46 dira dokumentua sinatu dutenak.
Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial «agerikoa» dutela gogorarazi zuten euskarazko hedabideen ordezkariek atzo Andoaingo Martin Ugalde kultur parkean, «bai euskararen garapenean dugun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen baitan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik». Azken 25 urteetan, batez ere hezkuntza dela eta, euskararen ezagutzaren eremuan urrats «handia» eman dela aipatu zuten. Erabileran, aldiz, hizkuntzaren osasuna adierazten duen «neurgailurik zehatzenean», zailtasun handiak daude beraien iritziz. «Eta gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira urratsak hedabide sare indartsurik ezean». Euskarazko komunikabideen iritziz, azken finean hiztun komunitate guztiek dute mundua beraien hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko «beharra», eta euskarazko hedabideak «giltzarri» den zeregin horren muinean daudela diote. «Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez».
Pisu ekonomikoa ere bai
Sektorearen pisu sozial eta kulturalarekin batera, ekonomikoa ere ekarri zuten gogora: euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana iristen da, eta horretarako 600 langile baino gehiago ari dira lanean 100dik gora hedabidetan. Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dute urtean, eta 7 milioi eurotik gorako ekarpena egiten dute diru publikoetara, gizarte segurantzaren eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik ere, haien jardunaren «garrantzia» kontuan hartua izan dadin eskatu zuten euskarazko hedabideek.
Krisi «sakona»
Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak krisi «sakona» ekarri du mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta euskarazko komunikabideen ustez 2008az geroztik sortutako krisi ekonomikoak aurrekoa areagotu besterik ez du egin. «Mundu mailan zein gure artean ere, agerikoak dira ondorioak. Gogoratu besterik ez dago azken bi urteotan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan-Erran Irratia, Nabarra…».
Euskarazko hedabideak krisiari inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto aurre egiten ari zaizkiola nabarmendu zuten. «Azken finean, ohituta daude krisi betean aritzera, eta ondo baino hobeto dakite belar motzean ibiltzea zer den».
Testuinguru «zail horretan» etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa elkarrekin egiteko ahalegina azpimarratu zuten, eta Gipuzkoa Berritzen-Innobasqueki gogoeta horretan laguntzeko erakutsitako prestutasuna eskertu zioten. Elkarlan horren emaitza hedabideek atzo sinatu zuten dokumentua da. Agiriak sektorearen egungo argazki zehatza aurkezten du eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu.
Aurrera begirako erronkak
Euskarazko komunikabideentzat negozio eredua eta lan baldintzak kontutan hartu beharreko arloak dira, hedabideek inbertsio handiak egin behar baitituzte (eta egiten ari baitira), batetik teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko eta, bestetik, bertan diharduten langileen lan baldintzak hobetzeko. Atzean ez geratzeko eta bezeroei «merezi duten» zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, berriz, «ezinbestekoa» da beraien iritziz euskarazko hedabideek ekoizten dituzten produktuen kalitatea eta kudeaketa hobetzea. «Bezeroek gaur egungo produktuak estimatzen dituzten arren, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar dugu».
Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ere ezin direla ahaztu aipatu zuten. Zentzu horretan euskarazko hedabideak zer diren, zer helburu bete behar duten, nolakoak diren eta izan behar duten hausnartzeko eta ikertzeko hedabideen behatoki baten beharra aldarrikatu zuten.
Sektoreko kideek onartzen dute lehiakide direla hainbat eta hainbat kasutan, baina beraien ustez elkarrekin ere jardun dezakete «guztien onurarako, garai zailei bakarka baino taldean hobeto aurre egiten baitzaie». Hala, lankidetza lehiakorraren garrantzia nabarmendu zuten. «Alde horretatik badute zer landu hedabideek, beraien artean zein instituzioekin batera».
Euskarazko komunikabideen ustez «beharrezkoa» da erakundeek laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbertsioak eta garapena sustatzea ere. «Hau da, deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea».
Herri ekimeneko euskarazko hedabideen ustez «garaia da» erronka horiei «sendotasunez» heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena lantzea eta elkarlana bultzatzea, hedabideen artean, zein erakunde publikoekin eta jendartearekin berarekin ere.
Hala, atzo aurkeztutako lana, bide baten amaiera baino, bide luze baten hasiera dela azpimarratu zuten hedabideen bozeramaleek. Dokumentua sinatzearekin, herri ekimeneko euskarazko hedabideen etorkizun hurbila zein urruna bermatu nahi duen elkarlana abiatu dute. «Sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria jarri dugu».
Bestalde, sektore hori eguneratzeko, gogoeta egin nahi dute herri ekimeneko euskarazko hedabideek, erabiltzaileekin, eragileekin eta administrazioekin batera. Horregatik, atzo sinatutako dokumentua hartarako prestutasuna agertu duten erakundeetan aurkeztuko dute hedabideek, gogoetarako oinarri «baliotsua» izan daitekeelakoan. Erakundeei, bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin zieten.