
Axular Barandiaran Goierri beheko Korrikaren koordintzailea –erdian–, euskara ikaslez eta hezkuntza munduko eragilez inguratuta, atzo, Ordizian
Eman euskara elkarri. Horixe izango da datorren urteko udaberrian ospatuko den Korrika 18-ren leloa. Andoaingo Martin Ugalde Parketik abiatuko da martxoaren 14an, eta Baionan bukatuko da hamar egun beranduagoa, martxoaren 24an. Goierri behetik abiera egunean bertan pasako da euskararen aldeko ekimenik partehartzaileena, martxoaren 14an. Legorretarrek hartuko dute lekukoa Tolosaldekoen eskutik, eta Zegamakoek Sakanakoei emango diete Otzaurten. Korrika 18 gauez igaroko da Goierri behetik, eta aipagarria da Zaldibiatik ere pasako dela, Lazkaomenditik barrena lekukoa lazkaotarrei pasatzeko. Goierri Garaitik beste egun batean pasako da.
Goiztiri AEKren Ordiziako egoitzan egin zuten atzo Korrika 18ren aurkezpena. Axular Barandiaran Goierri beheko koordinatzaileak eman zituen Korrikari buruzko xehetasunak, AEK-ko, Beasaingo Udal Euskaltegiko eta Maizpideko ikasle bana, eta hezkuntza munduko hainbat eragile lagun zituela.
Euskara, elkarbizitzarako
«Euskara da euskal herritarrok elkarrekin bizitzeko aukeratu nahi dugun hizkuntza. Elkarri hitz egiteko hizkuntza, elkar entzuteko eta ulertzeko». Hori da, Barandiaranen esanetan, Eman euskara elkarri leloa aukeratzeko AEK-k erabili duen irizpidea. «Elkarbizitzaz hainbeste hitz egiten den une honetan, ezinbestekoa da elkarbizitza horretarako erabiliko dugun hizkuntzaz mintzatzea. Horregatik da hain garrantzitsua dakienak ikasi nahi duenari irakastea, ulertzen duenak hitz egiten duenari erabiltzeko aukera ematea, eta agintariek herritarrei ikasteko bideak erraztea».
Omenduak, ikasleak
Korrika 18k euskalduntzen eta alfabetatzen ari diren «milaka eta milaka» lagunak omenduko ditu, «euskara ikasten eta praktikatzen ari diren guztiak, edozein izanda ere haien egoera edo jatorria». Horri lotuta, euskara ikasteko «doakotasuna» aldarrikatu du Barandiaranek, «euskal herritar guztien eskubidea delako euskaldun izatea». Botere publikoei euskara babesteko eta bultzatzeko neurriak hartzeko deia ere egin die. Ikasle guztiei begirako omenaldi-ekitaldia urtarrilaren 26an izango da, Usurbilen.
Batzordeetara biltzeko deia
Korrikan modu askotara parte har badaiteke ere, bi nabarmendu ditu Barandiaranek: korrika laguntzaile izatea eta korrika batzordeetan parte hartzea. 12 euroren truke egin daiteke laguntzaile –beherapenak lor daitezke 300 saltokitan–. Horrez gain, laster biltzen hasiko diren batzordeetan parte hartzeko deia ere egin du.
Korrika 18
Goierri behea. ibilbidea
Martxoak 14-15, gauez. Legorreta, Itsasondo, Arama, Ordizia, Zaldibia, Lazkao, Olaberria, Idiazabal, Beasain, Ormaiztegi, Mutiloa, Zerain,Segura eta Zegama (Otzaurte).