Edukiontzi berdea kendu eta errefusarentzako edukiontzi grisa jarriko dute. Txartelarekin irekiko dira ontzi berriak eta asteazkenetan baino ezingo da errefusa atera.
Zegamako Udalak zabor sistema berria ezartzea erabaki du, gaikako zabor bilketa areagotzeko helburuarekin. Abenduaren 10etik aurrera, edukiontzi berdea kendu egingo dute, eta edukiontzi grisa jarriko dute horren partez. Edukiontzi grisean errefusa bakarrik bota daiteke. Zerraila elektronikoa izango du, eta asteazkenetan bakarrik bota ahalko da errefusa bertara.
Errefusaren edukiontzia irekitzeko
txartelak banatuko dizkiete herritarrei. Horretarako udaletxera joan behar da eskaria egitera azaroaren
17tik 21era, 09:00etatik 14:00etara. Azaroaren 18an eta 20an, gainera, arratsaldez ere eska daiteke txartela, 16:00etatik 19:00etara.
Bestalde,
pixohialentzako edukiontzi bereziak jarriko dituzte herriko bizpahiru puntutan. Horietan egunero bota daitezke pixohialak, baina txartela behar da irekitzeko. Azaroaren 17tik 21era, udaletxeari jakinarazi beharko diote pixohialen ontzia erabili nahi dutenek, txartela programatzeko.
Datorren urterako zaborren
%75 gaika biltzea lortu nahi du neurri honekin Zegamako udalak.
Azaroaren 12an herri batzarra egingo dute udaletxean, 18:30ean, herritarrei zabor sistema berriaren nondik norakoak azaltzeko. Horrez gain, datozen egunetan oharrak eta argibideak bidaliko dituzte etxeetara.