Goierriko 22 herrietan %45etik %56ra igo da tasa; Gipuzkoa osokoa berriz, %42koa da
Gipuzkoako Foru Aldundiak lurralde horretako mankomunitate guztien birziklatze tasak jakinarazi ditu. Hala, lurralde osoko batazbestekoa %42koa, 2013an lortutakoa baino lau puntu gehiago. Urte bukaerarako, tasa hori %45era iristea da helburua; 2009an birziklatzen zenaren bikoitza litzateke hori.
Eskualdez eskualde begiratuta, mankomunitate guztietan egin du gora birziklatze tasak, askotan, modu nabarmenean, gainera. Sasieta da tasarik onena duen mankomunitatea; 2014ko lehen seihilekoan, %56ra iritsi da (2013an, %45ekoa zen). Haren atzetik daude Deba Goiena (%55), Tolosaldea, (%47) eta Urola Kosta (%43). Gipuzkoako bataz bestekotik behera daudenak, berriz, Urola Erdia (%39), Txingudi (%39), San Marko (%38) eta Deba Barrena (%34) dira.
Datuekin gustura
Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak oso balorazio ona egin du datu hauen inguruan. “Duela bost urteko emaitzak bikoizten ari gara, eta gora egiten jarraitzeko oinarria dugu”. Errazkinek azaldu duenez, aldundiaren helburua 2016rako %60ko birziklatze tasara iristea da, eta bere ustez, “bide honetatik jarraituz gero, lortu egingo dugu”. Sasieta eta Debagoiena, adibidez, “helburu horretatik oso gertu” daudela ere azpimarratu du.
Gutxien birziklatzen duten eskualdeei, “urrats ausartak” emateko deia egin die. “Europako Batasunak dio Birziklapenaren Gizartea eraiki eta birziklagarria den guztia birziklatu behar dugula. Gipuzkoako instituzio eta alderdi politiko guztiok bat omen gatoz helburu horretan. Koherenteak izan gaitezen denok, beraz, eta neurriak har ditzagun”. Hala, hondakinen kudeaketa egokiaren gako nagusia gaikako bilketa dela nabarmendu du diputatuak.
Bukatzeko, “emaitza bikain hauengatik” eskerrak eman dizkie Errazkinek gipuzkoarrei; izan ere, “haiek dira birziklapenaren eta hondakinen kudeaketa iraunkorraren benetako protagonistak”.