Bilduri "bapatekotasun eta ahalmen eza" leporatu diote, eta Sasieta "Gipuzkoako zabortegi" bilakatu nahia
Sasieta Mankomunitatean ordezkaritza duten Bildu ez beste alderdiek, zabortegiaren itxieraren inguruan dagoen “ziurgabetasuna” kritikatu dute, eta “gezurretan eta bapatean” aritzea leporatu diote Bilduri,
Sasieta itxi dezatela eskatzearekin batera. Beasain, Zumarraga eta Urretxuko
EAJk eta PSE-EEk eta Izal Bai eta Zegama Lantzen herri zerrendek bat egin dute eskaera horrekin.
Alderdiok bidalitako prentsa oharrak dioenez, “2011ko maiatzetik daki Sasieta Mankomunitateak Ingurugiro Baimen baldintzatua duela. Zabortegiaren azken anpliazioa inpermeabilizatu gabe dagoela eta azpiegitura egokitu ezean, itxi egin beharko litzatekeela”. Harrezkero hiru urte eta erdi pasa dira, eta epe horretan “ezertxo ere ez egitea” egotzi diote Bilduri.
Zabortegien itxiera
Gainera, Gipuzkoako hiru zabortegien itxiera “prentsaren bidez” jakin izana kritikatu dute. Hala, Urteta 2014ko abenduan, Lapatx 2015eko martxoan eta Sasieta 2015 urtea bukatzerako itxiko lirateke. Gainera, Bilduk proposatzen duen inerteen biltegia “ingurugiro prozedura guztiei kasorik egin gabe” aukeratzeaz gain, “martxan jartzeko denborarik ez” duela emango uste dute. Horren aurrean, honako galdera hau egin dute: “zergatik aukeratu du Bilduk Sasieta, eta ez beste zabortegi bat, itxi beharreko azkena izan dadin, zabortegiak baldintzak betetzen ez dituenean?”. Alderdiok azaldu dutenez, ez beraiek ordezkaritza duten herriek, ez Sasieta Mankomunitateak, “ez dute erabaki horretan zerikusirik eduki”.
Sasietak urtetan “beraien zabortegiak itxi dituzten herriekin solidaritatez” jokatu duela gogorarazi dute, eta orain, “gure zabortegia ixteko garaia” dela. Horregatik, Sasieta ixteko eskatu dute, “Bilduk errespetatu nahi ez dituen gehiengo osoz hartutako akordioen izenean”.