«Abertzaletasuna irrazionala dela esaten dute, deskalifikatzeko»
'Historia, arraza, nazioa' saiakera liburua aurkeztu du zegamarrak; nazioaren kontzeptu alemaniarra eta frantsesa aztertu ditu, eta gure historian izan duten eragina azaldu du.Alemanian bizi da Joxe Azurmendi (Zegama, 1941), baina lotura estua du Euska...
‘Historia, arraza, nazioa’ saiakera liburua aurkeztu du zegamarrak; nazioaren kontzeptu alemaniarra eta frantsesa aztertu ditu, eta gure historian izan duten eragina azaldu du.
Alemanian bizi da Joxe Azurmendi (Zegama, 1941), baina lotura estua du Euskal Herriarekin. Aste honetan aurkeztu berri du Historia, arraza nazioa liburua, Donostian. Azken hamar urteak pasa ditu materiala bildu eta egituratzen, eta Elkar argitaletxearekin kaleratu du lana. «Urte asko izan dira, eta liburuaz ahazteko gogoa dut orain», adierazi du Azurmendik. Hala ere, atseginez eman dio GOIERRIKO HITZARI bere lanaren berri.Zer aztertu duzu ‘Historia, arraza, nazioa’ saiakeran?
Euskal Herrian eztabaida asko izaten dira nazioaren inguruan, eta bi nazio ikuspegi daudela esaten da: frantsesa eta alemaniarra. Nik bi ikuspegi horien jatorria, garapena eta historian izan duten eragina aztertu ditut. Eta, batez ere, estatuek kontzeptu horiek nola erabili dituzten.
Zertan datza ikuspegi bakoitzak?
Nazioaren ikuspegi frantsesaren arabera, liberala, demokratikoa eta nahiaren gainean oinarritzen dena da nazioa; ikuspegi konstituzionala da. Ikuspegi alemaniarra, berriz, hizkuntzan, tradizioan eta arrazan oinarritzen da. Ikuspegi etnikoa ere deitzen zaio, eta irrazionala eta erromantikoa dela esaten da. Euskal abertzaletasuna, esaterako, ikuspegi alemaniarrean oinarritzen da.
Konnotazioak ere badituzte ikuspegi horiek, ezta?
Noski. Ikuspegi frantsesak konnotazio positiboa du, eta, alemaniarrak negatiboa. Euskal abertzaletasuna deskalifikatzeko, adibidez, argudio horiek erabiltzen dituzte: irrazionala eta arrazista dela.
Dena den, kontraesan ugari aurkitu dituzu Europako herrialdeak aztertuta.
Adibidez, Frantziak esaten du hizkuntzak ez duela nazioa egiten. Baina praktikari begiratuz gero, Frantziak bere hizkuntza gogor inposatzen du. Eta, historiari erreparatuz gero, Italiari edo Belgikari lur zatiren bat kendu dionean ere, eremu horietan frantsesa hitz egiten dutela erabili du argudio modura. Hipokresian erortzen da.
Urte askotako ikerketa lana bildu duzu liburuan.
Hamar bat urte pasa ditut informazioa biltzen eta egituratzen. Bi nazio ikuspegien inguruko idatzi pila bat aztertu ditut, batez ere, Ernest Renan pentsalariarenak. Eskerrak eman nahi dizkiot Xabier Mendigureni, bera izan baita nire liburuaren zuzentzailea. Nekatuta bukatu dut, ordea, lan luzea izan baita, eta orain atseden hartu nahi dut.