Eusko Jaurlaritzaren erabakiaren ondorioz, Sasieta urtebete beranduago itxiko dute
Gipuzkoako hondakinen plana atzeratu egingo da, Eusko Jaurlaritzak ez duelako TMB tratamendu mekaniko-biologikoko planta egiteko baimenik eman. Honek, Beasaingo, Azpeitiako eta Zarauzko zabortegien itxiera atzeratuko du, urte bete inguru.
Zubietan lehengo azpiegitura planari emandako baimena moldatuz egin nahi zuen aurrera diputazioak. Jaurlaritzaren lizentzia bazeukan proiektu hark (errauste planta eta TMB planta zeuzkan), eta aldaketa batzuk egiteko eskatu zion aldundiak: errauste planta eraikitzeari uko egin dionez, TMB planta soilik egitea. Ingurumen Sailaren arabera, ordea, hori aldaketa esanguratsua da Zubietako proiektuan, eta, beraz, ezin daiteke aurreko baimenaren aldaketa soil gisa tramitatu. Diputazioari prozesua hasieratik hasteko agindu dio Jaurlaritzak, Ingurumen Sailaren arabera errauste planta egin ordez TMB planta egitea Zubietako proiektuan «aldaketa esanguratsua» dela esanaz.
Iñaki Errazkin Ingurumen diputatuarentzat erabaki politikoa izan da hau eta nabarendu du TMB plantaren aurka ez dela azaldu alderdi politikorik, ez eta gizarte eragilerik ere, errauste plantarekin ez bezala. Horregatik, Errazkinen ustez proiektuak «bermea badu». Jaurlaritzaren helburua herritarren aurrean Bildu «higatzea» dela ere gaineratu du.
Errazkinekin batera agertu dira Gipuzkoako hiru zabortegiak dauden herrietako alkateak, tartean Koldo Agirre Beasaingo alkatea.
Orain zer gerta daitekeenaren inguruan ez dute informazio askorik eman: Zabortegiak berehala ezingo direla itxi azaldu dute eta Zestoan hondakin geldoen biltegia egiteko proiektua ere atzeratuko dela esan du Errazkinek. Hala ere, birziklapenaren bidetik jarraituko duela adierazi du, eta egoera berria aztertzeko hizketan hasiko direla.