Altzaga, Arama eta Itsasondoko udalak salatu ditu Urkijok, aktak euskara hutsean bidaltzeagatik
Espainiako Gobernuaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ordezkaritzak Gipuzkoako sei udalen aurka helegitea aurkeztu du, udal erabaki guneetako aktak euskaraz bakarrik bidaltzeagatik. Legez behartuta daude udalak Espainiako Gobernuaren ordezkaritzara aktak bidaltzera. Carlos Urkijo ordezkariaren iritziz ez da legezkoa euskara hutsean izatea.
Altzaga, Arama eta Itsasondo dira salatu dituen Goierriko hiru udal; Aduna, Antzuola eta Bergara besteak. Denak Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kideak dira. Uema-ren iritziz, aktak euskara hutsean bidaltzea legezkoa da, administrazioaren arteko komunikazioak izan litezkeelako elebakar (ez hala komunikazio publikoak, Euskararen Legearen arabera).
Gaia Eusko Jaurlaritzaren Herri Aginteen Koordinaziorako Batzordean landuko dute, gaur arratsaldean. Uema-k helegiteen berri eman ondorne, Patxi Baztarrika sailburuordeak deitu du. Akten hizkuntzari buruzko txostena aurkeztekoak dira.
Uema-ren iritziz, helegitea jaso duten udalek bi aukera dituzte: atzera egin, eta aktak gaztelaniaz bidali; edo epaitegietan defendatu beren postura. Bigarren aukera, ordea, bete ezinezkotzat jo du Mankomunitateak, udal gehienak oso txikiak eta baliabide ekonomiko urrikoak direlako, prozesu juridiko bati aurre egiteko.