Ioldi 2011n Langraintzeko gartzelatik irten zenean.
Gaur goizean kendu diote 24 orduz kontrolpean mantentzen zuen eskumuturrekoa Martuteneko (Donostia) espetxean Mila Ioldi ataundarrari. Kondena osorik beteta, askatasuna berreskuratu du 14 urteren ondoren.
2011ko irailean utzi zuen atzean Langraitzeko gartzela gaixotasun larria zuela-eta; baina, orduz geroztik etxeko gartzelaldian egon da hiru urtez. “Gogorra eta luzea” izan da, ordutegi zorrotzei lotuta egon delako. Goizeko 9:00etatik 14:00etara irteteteko baimena zuen, Gipuzkoatik irten gabe. Etxean egon arren, preso; kondena gogorarazten zion eskumuturrekoa soinean momentu guztietan.
14 urtetako kondena luzearen ondoren “gustura” hartu du askatasuna Ioldik Goierriko Hitzari azaldu dionez. “Ohitura aldaketa ekarriko du, behingoz nire bizia egiten hasteko aukera”, zioen. Era berean, euskal presoen egoeraren aurrean “lana egiteko beharra” azpimarratu du ataundarrak: “Ez dut uste egoera berehalakoan hobetuko denik, trabak jarri besterik ez dute egiten, baina inoiz baino gehiago lana egitea beharrezko dugu”.