Matematikaren hilabetea da
'Urtarrila, matematikaren bila' zikloaren barruan xakea eta matematika uztartzen dituzten ekintzak antolatu ditu Lemniskata elkarteak Beasainen. Hilabete honetan dira ekintzak.Urtarrila matematikaren hilabeta da Lemniskata zientzia elkartean. Urtarrila...
‘Urtarrila, matematikaren bila’ zikloaren barruan xakea eta matematika uztartzen dituzten ekintzak antolatu ditu Lemniskata elkarteak Beasainen. Hilabete honetan dira ekintzak.
Urtarrila matematikaren hilabeta da Lemniskata zientzia elkartean. Urtarrila, matematikaren bila izenburupean matematika eta xakea oinarri dituzten hainbat ekintza antolatu dituzte hilabete honetarako. Helburua, xakea eta matematika gizarteratzea.Hala, ostiralean egin zuten lehen ekintza, Leontxo Garcia adituaren laguntzarekin. Xakean aditua da Garcia, kazetaria lanbidez Espainiako komunikabide ezberdinetan, eta xakeari buruzko liburua ere argitaratua du. 100 lagunetik gora elkartu zen Beasaingo Igartzako jauregian bere azalpenak entzutera, eta Lemniskatakoak oso pozik agertu dira jasotako babesarekin: «Oso zaila da halako gai batekin jendea erakartzea, baina hitzaldi baterako ia asko da kopuru hori, eta zer esanik ez halako gai batentzako», azaldu du Jose Luis Etxezarretak.
Aurpegi berri asko ikusi zituen Etxezarretak lehengoan Igartzan, eta gainerako ekintzetan ere hala gertatzeko esperantza du. Izan ere, ostiral honetan dute hurrengo hitzaldia, EHUn matematika irakasten duen Santiago Fernandezen eskutik. Xakearen eta matematikaren arteko erlazioaz hitz egingo du Igartzan, 19:00etan. Orduan egingo dute baita ere Lemniskata Matematika argazki lehiaketako sari banaketa ere.
Lehiaketara aurkeztutako lanen bilduma otsailaren 1era arte ikusi ahalko da Igartzako jauregian.
XakeMATEmatika
Xakea eta matematika lotuz hainbat joku eta ariketa eta kondaira azalduko dituzte Goyo Lekuonak eta Jose Luis Etxezarretak berak larunbatean.XakeMATEmatika izena jarri diote ekintzari, eta 12 urtetik gorakoei zuzenduta egongo da.
Beasaingo Loinazko San Martin plaza azpian egingo dute; jende gehiago erakarriko dutelakoan aldatu dute aurten egitasmoaren kokalekua. 19:00etan hasiko da.
Ziklo honetako azken hitzaldia hilaren 30ean izango da, ostirala baita ere. Orduan Enrike Zuazua izango da hizlaria, matematikan doktorea eta Ikerbasqueko BCAMeko zuzendaria. Hurrengo egunerako, hilak 31, gaztetxoei zuzendutako ekintza antolatu dute. 6 eta 12 urte arteko umeei zuzenduta, Xake txiki ekintzak egingo dituzte eta Nicola Lococok hezitzaileak azalpenak emango ditu. «Ez da ohikoa guk halakoak antolatzea, baina aurten egitea pentsatu dugu». Partida simultaneak ere egingo dituzte herriko Alfil elkartean.
Emakume berritzaileak zientzian erakusketa ere jarri dute Lazkaon. Irekita dago ia, hilaren 23ra arte.