Jakoba Errekondo agronomoak eta paisajistak eta Domingo Merino Fraisoro Laborategiko zuzendariak emango dituzte azalpenak
Beasaingo konpostagunetik konposta atera zuten unea
Urte hauetan, gero eta goierritar gehiago animatu dira horretara, eta Sasietaren datuen arabera dagoeneko 1.500 herritar dira konposta egiten dutenak. Horietatik 330 auzokonposta egiten aritzen dira. Denbora tarte honetan gero eta informazio gehiago jaso dute konposta egiten dutenek, baina oraindik ere asko izaten dira sortzen diren zalantzak. «Jendeak badaki konposta ondo egiten, baina askok zalantzak izaten dituzte prozesuaren inguruan eta lortzen den konposta nola aplikatu behar den zehazterakoan».
Horregatik, horiei zuzenduta, hitzaldia antolatu du Sasieta Mankomunitateak Beasainen. Jakoba Errekondo eta Domingo Merino adituek egingo dute hitzaldia, asteartean, 18:30ean, Igartzako jauregian. Konpostak dituen ezaugarriak eta lurrean nola aplikatu behar den azalduko dute. Fraisoro Laborategiko zuzendaria da Merino, eta konpostaren ezaugarriak zeintzuk diren eta konposta analizatzerakoan kontuan hartzen diren parametroen inguruan hitz egingo du.Ondoren, Errekondo agronomoak eta paisajistak konposta noiz, nola eta zein kantitatetan aplikatu behar den azalduko du. Saioaren bukeran zalantzak argitzeko tartea irekiko dute.
Konposta analizatzeko aukera
Sasieta Mankomunitateak gonbdapena bidali die dagoeneko konposta egiten duten goierritarrei, baina hitzaldira joan nahi dutenek aurrez eman beharko dute izena. Horretarako 943 16 15 55 telefono zenbakira deitu beharko dute interesatuek.
Hitzaldiaz gain, egiten duten konposta Fraisoron analizatzeko aukera ere izango dute goierritarrek Sasietaren eskutik, eta hala, egindako konpostaren kalitatea ezagutu ahalko dute. Astearteko hitzaldira joaten direnen artean, 20 lagunek izango dute horretarako aukera.
Zozketa bidez aukeratuko dituzte 20 laginak, etxean gonbidapena jaso eta datuak beteta orria hitzaldira eramaten dutenen artean. Hitzaldiaren amaieran egingo dute zozketa, eta ondoren Sasieta jarriko da beraiekin harremanetan lagina nola jaso zehazteko. Emaitzak eta adituen egindako interpretazioak etxean jasoko ditu egile bakoitzak.