Zumarragako larunbateroko ferian gaikako hondakin bilketarekin gaur hasi dira./Aimar Maiz
Zumarragako asteroko azokara joan diren nekazariek eta saltzaileek gaikako hondakin bilketa berria izan dute gaur, lehenengo aldiz. Orain arte, sortzen zituzten hondakin guztiak edukiontzi bakarrera bideratzen zituzten (berdera, zabor arruntarena), baina gaur eta aurrerantzean lau motatako hondakinak bereiziko dituzte: papera/kartoia, organikoa, ontziak eta birzikla ezina.
Hondakin organikoaren edukiontzia, Zumarragako plaza ertzean./Aimar Maiz
Udaletxe alboan kokatu dituzte edukiontziak, eta ez orain arte bezala goialdean (Jai Alai kaleko kantoian). Euskadi enparantzatik Legazpi kalera hartzen den tokian jarri dituzte edukiontziak, elkarren segidan. Aurreko larunbatean banatu zieten azokako saltzaileei bando bana, bilketa berriaren informazioarekin. Gaur lehenengo orduan, hala ere, goiko kantoian hondakinak pilatuta zeudela azaldu dute saltzaile batzuek: azokazaleen kartoiak batetik, baina baita herritarrek han utzitako etxeko hondakin poltsak ere, ohituraz han uzten zituztenak orain arte.
Neurri horrekin, materia birziklagarria bereizita jasotzen hasi dira, dagoeneko. Ontzi urdinean zegoen hondakin gehien (paperezko eta kartoizko kaxak), eta baita organikoarenean ere (barazki soberakinak eta azalak). Birziklaezinen berdeak ere goraino zeuden, hala ere: egurrezko kaxak zeuden batik bat).
Zumarragako larunbateroko ferian gaur hasi dira gaikako hondakin bilketarekin. Saltzaileak, hala ere, ohituta daude hori bera egitera, beste herri gehienetan aspalditik dutelako zerbitzu hori.