Erdiguneko bizilagunetzat auzokonposta aukera
Aita Urdaneta, Barandiaran plaza, Domingo Unanue, Ampuero, Etxezarreta, Done Petri, Andre Mari, Kale Nagusia, Goenkale eta Elkano kaleetako bizilagunek auzokoposta egiteko aukera izango dute Ordizian. Sukaldeko nahiz baratzeko hondakin organikoak ongarri bihurtzeko prozesua da konpostarena; etxeko lorategian bertan egin daitekeena. Norberak lorategirik ez duen kasuetarako egokitu dituzte auzokonposta guneak.
Ordizia erdigunean bizi diren bizilagunentzat, beraz, egokitzen ari dira auzokonpostarako eremua. Sasieta Mankomunitateak auzokonpostari buruzko azalpenak emateko antolatu duen bilera izango da eman beharreko lehen urratsa. Datorren astelehenean, hilak 9, jarri dute hitzordua Barrenan, 18:30ean. Bertan, auzokonposta egiteko interesa dutenen artean talde bat osatuko da. Bertara joateko aldez aurretik izena ematea komeni dela aurreratu du Ordiziako Udalak Sasietara deituta: 943 16 15 55.
Hondakinak gutxitzen
Barrena parkean prestatu du Udalak konpostagailu komunitarioak jartzeko gunea. Organikoa hondakinen zirkuitu orokorrean tratatu beharrean lekuan bertan egiten da, horrela, hondakinen garraioan behar den energia ere aurrezten da. Konposta eginez jaki hondar guztiak birzikla daitezke, baina baita inausketako eta lorategiko hondakinak ere.
Guztira 76 familia ari dira gaur egun auzokonposta egiten Ordizian, eta autokonposta egiten, berriz, 39 familia. Konpostari esker, familia bakoitzak sortzen duen hondakinen %40-50 gutxitzen da.
Araba kaleko auzokonposgunea izan zen Ordizian egokitu zen lehena, 2013ko apirilean eta orduz geroztik guztira 14 familia aritu dira bertan etxeko gai organikoak bertara bota eta lantzen. Iazko irailean atera zuten konposta. Maila goreneko konposta (A mailakoa) lortu zuten eta 5 kiloko poltsetan sartu eta bizilagunen eskura jarri zuten.
Anselmo baratzan beste 10 familiak egiten dute; Eskarabillan, 14k; Buztuntzan, 7k; Oreja parkean, 17k; eta San Joanen, 14k. Urdaneta eskolan ere egiten dute konposta. Majori eta Altamira auzokoak berriz, Barrenakoaren ondoren etorriko dira.