«Omenaldian egon zirenei eskerrak eman nahi dizkiet»
Larunbatean Bittor Agirre bertsolari legazpiarra omendu zuten Brinkolan. Bere bizitza laburtzen duen liburua oparitu zioten eta senitartekoek eta lagunek idatzitako bertsoak abestu zizkioten.Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?Txiki-txikitatik, ardiekin et...
Larunbatean Bittor Agirre bertsolari legazpiarra omendu zuten Brinkolan. Bere bizitza laburtzen duen liburua oparitu zioten eta senitartekoek eta lagunek idatzitako bertsoak abestu zizkioten.
Nola gogoratzen duzu haurtzaroa?Txiki-txikitatik, ardiekin eta behiarekin lanean aritu nintzen. Bederatzi anaia-arreba ginen. Aitona-amonak ere ezagutu nituen. Urte askotan, hamahiru lagun bizi izan ginen Barrendiola baserrian. 7 urte bete nituen arte, ez nintzen eskolara joan. Handik aurrera ere ez nintzen asko joan eskolara. 12 urterekin utzi nion ikasteari. Maistra bakarra izan nuen. Lo besterik ez zuen egiten eta guk, ikasi ordez, jolastu egiten genuen. Ikasteko gogo handirik ez genuen eta guretzako maistra ona izan zen!
Noiz atera zinen Brinkolatik?
17 urterekin Patrizio Etxeberriaren fabrikan hasi nintzen, aitzurtegian. Hiru urte eman nituen bertan. Ondoren, soldadutza egin nuen Donostian. Urte eta erdi eman nuen bertan. Donostiatik itzuli nintzenean, Patrizioren ekonomatoko harategian hasi nintzen. 31 urtez lan egin nuen harategian. Han hartu nuen erretiroa.
Nolatan pasa zinen aitzurrak egitetik haragia saltzera?
Garai hartan hiru harakin zeuden ekonomatoan eta bik alde egin zuten. Nik baserrian txerriak eta ardiak hiltzen nituen eta koinatu batek ekonomatoan harakinak behar zituztela esan zidan.
Gazte erretiratu zinen.
55 urterekin. Ekonomatoak kendu zituzten, lege berri batek aginduta, eta nagusiak erretiroa hartzea eskaini zidan. Ordura arte erretiroan pentsatu ere ez nuen egin. Gustura jubilatu nintzen. Behar baino 10 urte lehenago erretiratzea gauza handia da, nahiz eta apur bat gutxiago kobratu!
Probetxua atera al diozu erretiroari?
Bai, bai… Arrantzan egitea eta perretxiko bila joatea asko gustatu zait beti.
Bertsolaritza ere oso gustuko duzu. Noiz eta nolatan hasi zinen bertsotan?
Brinkolan hainbat bertsolari zeuden. Jesus Alberro eta Iñaki Azarola, besteak beste. Gure artean ibiltzen ginen eta, pixkanaka, jende aurrean abesten hasi nintzen. Juan Mari Narbaiza lagun eibartarrak deitzen zidanean, adibidez. 24 bat urte nituen hasi nintzenean.
Nondik nora ibili zinen bertsotan?
Herri askotan ibili nintzen. Santa Ageda eskean, adibidez, herri askotan: Beizaman, Errezilen, Azpeitian, Tolosan, Zegaman, Aizarnazabalen…
Bertsolari ezagunekin abestu al zenuen?
Bai. Zepairekin, adibidez. Loiola Irratian lehiaketa bat egiten zuten. Guk irratian abesten genuen eta entzuleek botoa ematen zuten postaz. Lehiaketa horietako bat irabazi nuen. Kopa etxean dut. Goiburu, Larrañaga, Narbaiza, Igartzabalekin… abesten nuen. Txapelketa askotan parte hartzen nuen eta Bordarik (Fernando Artola) gailurrera heltzeko apur bat bakarrik falta zitzaidala esaten zidan.
Norekin abesten zenuen gustura?
Joxe Intsausti segurarrarekin, adibidez. Narbaizarekin, Larrañagarekin, Etxeberriarekin… ere bai. Azken honekin, 15 urtetan jarraian abestu nuen Arrasateko Musakola auzoko elkarte batean, San Isidro egunez. Urbiara ere urtero joaten naiz, San Inazio egunean. 28 urtetan, behin bakarrik kale egin dut: aita hil zitzaidalako bezperan. Azken urteotan Euxebio Igartzabalekin joan naiz.
Askotan egiten al duzu bertsotan oraindik?
Gutxi. Oraindik gogoratzen dira nitaz, baina batzuetan ezetz esaten diet. Dagoeneko ez zait gauez ibiltzea gustatzen.
Nola ikusten duzu bertsolaritza?
Bertsolariak asko ugaldu dira. Bertsolari gazte asko daude. Zaletasun handia dago eta bertso eskolek ikasteko aukera ematen dute. Bertsolari gazte asko daude eta poztekoa da.
Egungo bertsolarien artean, zeintzuk dituzu gustuko?
Amets Arzallus, Maialen Lujanbio eta Alaia Martin, adibidez. Nesken artean, asko oso onak dira. Legazpiko Nerea Elustondo, adibidez.
Nola ikusten duzu Legazpiko bertso eskolakoen lana?
Lan bikaina egiten dute. Guk ere tarteka eurekin abesten dugu. Afariren bat ere egiten dugu tarteka.
Brinkolatar peto-petoa zara. Nola ikusten duzu auzoa?
Ondo, baina gure gazte denboran bi taberna zeuden. Hutsune hori dugu. Alberrok Brinkola hilda geratu dela esaten zuen.
Larunbatean omenaldia egin zizuten, espero al zenuen?
Iaz Iñaki Azarolari egin zioten eta Pello Agirrezabalek aurten niri egingo zidatela esan zidan. Ilusio handia egin dit, noski.
Zer moduz joan zen eguna?
Dotore, elegante… hobeto, ezin! Eguraldi bikaina egin zuen, gainera. Biloba batek aurreskua dantzatu zidan eta horrek malkoak atera zizkidan. Sorpresa ederra izan zen, ez baita dantzaria. Maialen Ariztimuño du izena eta 17 urte ditu. Joxe Intsausti, Juan Mari Narbaiza, Euxebio Igartzabal, Jokin Matxinandiarena eta Iñaki Azarola bertsolariak ere bertan izan ziren. Parte hartu zuten guztiei eskerrak eman nahi dizkiet.