Goierri eta Tolosaldea lotu ditu 1,2 kilometro luzeko azpiegiturak; 1,8 milioi inbertitu ditu aldundiak
Foru, udal eta enpresa agintariak Itsasondoko bidegorri berrian, gaur. / Aimar Maiz
Oinezkoen eta bizikletarien azpiegitura osatzeko, urrats esanguratsua egin du gaur Gipuzkoako Foru Aldundiak. Itsasondo eta Ordizia arteko 1.230 metro luzeko bidegorria goizean inauguratu dute. Zati laburra izanagatik, kilometro askoko luzera duen bidea lotzeko balio du: Ordiziatik Tolosaraino bidexka horretatik joan liteke, orain.
Larraitz Ugarte Mugikortasuneko eta Bide Azpiegituretako foru diputatuak ziurtatu du Goierriren “bizkarrezur” sistemarako garrantzitsua dela Ordizia-Itsasondo zatia. Bidegorrietan inbertitzen jarraitzeko nahia azaldu du, “mugikortasun parametroak aldatu behar direlako”. Krisiagatik “zailtasun uneetan” egon arren, mugikortasun azpiegituretan “inbertsio maila txukun bati eutsi” zaiola ospatu du. Ekitaldiak izan dira, baita ere, Ordiziako alkate Igor Eguren eta Itsasondoko Asier Garro, zinegotzi batzuek lagunduta.
Bidegorri eraiki berria, eskuinean. San Joan basilikaren parean hasten da./Aimar Maiz
Bidegorri zati berria Ordiziaren eta Itsasondoren arteko mugan hasten da, San Joan basilikaren (Itsasondo) aurre-aurrean. Bidearen eskuinaldetik segitzen du, eta Gi-2131 (lehengo N-1 zaharra) zebrabidean gurutzatu ondoren, Itsasondoko herri gunean bat egiten du Itsasondo-Legorreta bidegorriarekin. Plangintza orokorrean, Beasain-Donostia ibilbidearen parte da.
Lanak 2014ko ekainean hasi zituzten. Amenabar eraikitzaile enpresak burutu ditu —inaugurazio ekitaldian ziren enpresako arduradunak—, eta 1,8 milioi euro kostatu da.
Gaur egun, Ormaiztegitik (Alegiako errotonda, Irizar lantegiaren parean) Tolosaraino jarrai daiteke bidegorria. Beasaingo kalean eta Ordiziako lotunean zati batzuk falta dira, hala ere.
Goierriko bidegorrien mapa:
Goierriko bidegorriak 2015 martxoan. Gorriz, eraikitako zatiak; urdinez, aurreikusitakoak.