Zegaman zaborren %80a birziklatzera iritsi dira
Errefusaren ontzia asteazkenetan bakarrik ireki daiteke, txartel bidez
Gaikako bilketa %54 inguru izatetik %80ra igo da Zegaman. Honakoak izan dira urtarrilean eta otsailean zaborren bilketarekin lortu dituzten emaitzak: errefusaren bilketa heren batera jaitsi da, edukiontzi marroien bidez, organikoaren bilketa bikoiztu egin da, ontzi arinen bilketa %66ra igo da, eta paper eta kartoi bilketa %27an igo da. Beira bilketan, bestalde, ez da ia aldaketarik nabaritu. Honen arrazoia orain arte ondo birziklatzen zutela izan daitekeela uste dute.
Bi hilabete, aldaketa ugariIazko abenduan udalak jakinarazi zuen zaborraren %75a birziklatzera iritsi behar zirela. Hiru hilabetez probak egiten egon ondoren, zabor sistema aldatzea erabaki zuten udalean, aho batez. Sistema honetan bost edukiontziz osatutako guneak erabiltzen dira: beira, papera, ontziak, organikoa eta errefusa. Birziklatzeko lau edukiontziak noiznahi erabiltzeko aukera dago, ordutegi eta egutegi askeak ditu. Bestalde, edukiontzi gris berria -lehengo edukiontzi berdea- beti dago itxita, eta asteazkenetan bakarrik zabaltzeko aukera dago, txartel bidez.
Dendak, elkarteak eta gainerako sortzaile bereziek ezin dituzte kaleko edukiontzi gris berriak erabili. Horregatik, errefusarentzako edukiontzi gris indibidualak dituzte beraien lokalen barruan, eta bilketa berezia egiten zaie.
Sistema berriaren bidez, gehiago birziklatzeaz gain, ekonomian ere izan du eragina. Astean behin bakarrik atera daitekeenez errefusa, Sasietako kamioiak ere astean behin pasatzen dira; orain arte astean lautan joaten ziren. Horrek eragin zuzena du gastuetan. Herritarrentzat erosoena dela adierazi du Edurne Albizu Zegamako alkateak. Nabarmendu du sistema berri honek ez duela aldaketa handirik eragin lehendik ere birziklatzen zuten herritarrengan.
“Herritarrek oso ondo hartu dute sistema berria. Oraindik denek ez dute birziklatzen, baina gutxika lortuko dugu denok birziklatzea” . Edurne Albizu
Sasieta Zabortegiko Iñaki Erauskin arduradunak azaldu du horrelako sistema duen lehena dela Zegama. Zegamarrak “bikain” hasi direla azaldu du. Hori bai, adierazi du Zegaman lehen ere birziklatzen zela, eta hori dela sistema berri honek horren emaitza positiboak eman izanaren arrazoia.