Hondakinen %60 sailkatzen da gaur egun Goierrin
Azken hilabeteetako datuak kontuan hartuta, eskualdean sortutako errefusa 18.722 tona izatetik 9.022 tona izatera igaro da, eta gaikako bilketak %50 egin du gora 2011tik. Sasietak emandako datuen arabera, herri guztiek hobetu dute beren sailkatzen maila, eta “produktu birziklagarrien bilketa hobetu egin da, batez ere organikoarena, bost aldiz gehiago biltzen baita egun”, orain lau urteko datuekin alderatuta.
Datuei erreparatuta, Arama da gaikako bikleta tasa altuena duena, %86rekin, eta haren ondoren daude Itsasondo (%84) eta Legazpi (%83). Errefusa gehien sortzen duen herria Zumarraga da (%62) eta ondoren Urretxu eta Beasain (biak %54rekin). Goierrin dauden sei bilketa eredu ezberdinak kontuan hartuta eman ditu datu hauek Sasietak.
Emaitzak “garrantzitsuak” direla azpimarratu du Azeari Andonegi Sasieta Mankomunitateko lehendakariak, eta “legealdi honetan jauzi handi bat” egin dela gaineratu du: “Guretzat hau dena arrakasta nabaria da, pozik gaude horren epe laburrean horrelako pausoa eman dugulako, eta hori herritarrei eskertu behar diegu, guzti honen gakoa herritarren inplikazioa delako”. Datu horietara iristeko Sasietak egindako kanpainak eta ekintzak gogoan izan ditu Andonegik, hala nola, konposta egiteko moduak, sentsibilizazio kanpainak eta bestelako kanpainak, ikastetxeetan egindako jarduerak, birziklatzearen inguruan banatutako gida…
Erronka gehiago
Etorkizunera begira erronka berriak jarri ditu Sasietak: birziklapen tasa %70era igotzea. Igoera hori “salto handia” dela aipatu dute, baina hori lortzeko “klabea” hiru herritan egon daitekeela zehaztu dute: Beasain, Urretxu eta Zumarraga. “Hiru herri horiek mankomunitateko biztanleen zati handi bat hartzen dute eta hiru horietan edozein aurrerapauso ematen dela ere berehala antzemango da, bai beraiek eta baita mankomunitateko gainerako herriek ere”, zehaztu du Iñaki Erauskin Sasieta Mankomunitateko zerbitzu buruak.
Sortze bidezko tarifikazioa ere martxan jartzea da Sasietaren helburua, herri bakoitzak bere gastuak eta hobariak bere gain hartuta: “Eraldaketara jo nahi dugu sortze bidezko tarifikazioaren eta herri bakoitzari bere kudeaketa ereduaren araberako kobraketa eginda: batzuk komunak izango dira eta beste batzuk herri bakoitzari dagozkionak”.