Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratu dituzte herri bakoitzeko hautagaien zerrendak. Hauteskunde Batzordeak datorren astelehenean egingo du hautagaitzen onarpena.
Astelehenean amaitu zen datozen udal eta foru hauteskundeetarako hautagaitzak aurkezteko epea, eta atzo bertan Gipuzkoako Boletin Ofizialean argitaratu zituzten zerrenda guztiak. Goierriko 22 herrietan, guztira 70 hautagaitza izango dira. Goierriko hautagaitzen zerrenda guztiak ikusteko:
Goierriko hautagaitzen zerrenda . Hauteskunde Batzordeak datorren astelehenean egingo du hautagaitzen onarpena, eta maiatzaren 8an hasiko dute kanpaina.
Ordizia da hautagaitza gehien dituen herria: sei zerrenda. Urretxu, Zumarraga eta Legazpin, berriz, bosna alderdik aurkeztu dute hautagaitza, eta gutxiagok gainontzeko herrietan. Nabarmentzekoa da, esaterako, Arama Altzaga eta Zerainen kasua:?azken hauteskundeetan zerrenda bakarra aurkeztu zuten herri horietan, baina aurtengoetan bi hautagaitza izango dira herri horietako bakoitzean.
Irabazi, lau herritan
Egungo alkate batzuk berriro aurkeztu dira alkategai modura. Beasain, Ezkio-Itsaso, Idiazabal, Lazkao, Legazpi, Mutiloa, Ordizia, Urretxu, Zaldibia eta Zumarragaren kasua da. Altzagan hogei urte baino gehiagoan alkate izan den Imanol Mujika, berriz, ez dago aurtengo hautagaien artean. Herri plataformez eta ohiko alderdiez gain, Irabazi koalizioak ere hautagaitza aurkeztu du Goierriko lau herritan: Legazpin, Ordizian, Urretxun eta Zumarragan. Podemos-Ahal Duguk ez du hautagaitzarik aurkeztu.
Bestalde, PSE-EE Euskadiko Alderdi Sozialista-Euskadiko Ezkerrak herri txiki gehienetan aurkeztu du hautagaitza. EH Bildu ere herri gehienetan izango da. Legorretan eta Itsasondon, berriz, EAJk hautagaitza aurkeztu du, 2011ko hauteskundeetan ez bezala.