Lazkaora itzuli da Xabier Arruti hamarkadak erbestean eman ondoren
Gaur arratsaldean iritsi da Xabier Arruti iheslaria Venezuelatik Euskal Herrira. Guztira 36 urte eman ditu herritik kanpora lazkaoarrak. Etxekoek eta lagunek lehen harrera egin ondoren, Lazkaora iritsi da iluntzean. Bertan ongi-etorri beroa egin diote herritarrek ere aurresku eta lore artean.
Iazko martxoaren 22an Arrangoitzen (Larpudi) egin zuten agerraldian agertu zuten Euskal Iheslari Politikoen Kolektiboko kideek Euskal Herrira itzultzen hasteko asmoa. Itzulerarena “konpromisozko urratsa” dela nabarmendu zuten. “Konponbidearen alde urratsak egiteko garaia da, eta guk ere Euskal Herriaren geroari itxaropenez eta ilusioz begiratu nahi diogu. Inoiz inork bere sorterritik ihes egin behar ez dezan”, zioten.