Mikel Leizeaga, bere familiarekin.
Non harrapatu zintuen lurrikarak?
Lehen lurrikarak, indartsuenak, Thamel auzo
motxileroan harrapatu ninduen. Tokirik okerrenetako bat da, eraikin zaharrez osatua baitago eta ez baitzegoen nola ihes egin. Pitzatzen ikusi nituen etxeetako bat erori izan balitz, agur. Sei edo zazpi errepliken ondoren, etxera itzultzea erabaki nuen, emaztearekin elkartzera. Motorrean joan nintzen, poliki-poliki. Gure auzoan nengoela erreplika gehiago egon ziren, baina gure urbanizazioan eremu irekiak daude. Hurrengo 60 orduak amaigabeak egin zitzaizkigun.
Ondoren, Delhira joan zineten.
Espainiak Delhin enbaxada du eta espainiar pasaportea dugun guztiak eta beraien senar-emazteak bertara ebakuatzea erabaki zuen. Egun batzuk eman genituen bertan, gaizki, Nepalen utzitako lagunez gogoratzen baikinen. Astelehenean itzuli ginen etxera. Gure etxea ondo dagoela ikusi dugu.
Zer aurkitu duzue Nepalen?
Egoera kaotikoa da. Izan ere, herrialde hau ez dago halako hondamendi baterako prestatua. Bertako gobernuak ere zenbait gauza gaizki egin direla onartu du. India eta Txina izan ziren laguntza bidaltzen lehenak. Arazo handienak nekazari herrietan dituzte. Izan ere, gobernuak zaurituen ebakuazioari lehentasuna eman dio eta ur, janari eta manta gabezia handia dute. Zonalde batzuetan gose eta hotz dira. Izan ere, gainontzeko guztia gutxi balitz bezala, azken egunetan euria egin du.
Nolakoak espero dituzu hurrengo hilabeteak?
Lan handia dago egiteko. Jende asko kale gorrian dago eta ekainaren 10an montzoia helduko da. Ordurako, kanpin-dendak, janaria eta edaria behar dira. Laguntza psikologikoa eta sendagaiak ere behar dira, noski. Ondoren, berreraikitze lanekin hasi beharko da.
Bidaia zale amorratua zara. Non egon zara?
Lehen bidaiak Hego Amerikara egin nituen. Han erosten nuen arropa Estatu espainiarrean saltzen nuen. Ondoren, Asiako arropa ekartzen hasi nintzen.
Zergatik erabaki zenuen Nepalen gelditzea?
Indian eta Tailandian urte batzuk eman nituen, baina hango beroa eta hezetasuna ezin ditut jasan. 1993an Nepal ezagutzea erabaki nuen. Paradisua ez dela existitzen diote, baina Indian egon ondoren, hau paradisua iruditu zitzaidan. Hemengo klima, jendea eta mendiak izugarri gustatu zitzaizkidan. Negozioa hona ekarri nuen eta nire emaztea denaz maitemindu nintzen. Oso pozik nago Nepalera etorri izanaz, herrialde zoragarria eta magikoa baita.
Nolakoa da bertako bizimodua?
Duela gutxira arte, biztanleen %90 autokontsumotik bizi ziren. Lurrak eta abereek ematen zietenetik bizi ziren eta ez zuten dirurik erabiltzen. Trukea erabiltzen zuten. Herrialde pobrea da, baina ez dago miseriarik. Egunero jaten dute, nahiz eta euren etxeetan apenas sartzen den dolarrik.