Proega: 25 urte haurren elkartasuna bultzatzen
Duela 25 urte, La Salle ikastetxeek Proega Gobernuz Kanpoko Erakundea sortu zuten haurren artean elkartasuna bultzatzeko. Zumarragan erakusketa ireki dute urteurrena ospatzeko.Mundu hobe bat nahi bada, haur eta gazteen artean elkartasuna bultzatzea ezi...
Duela 25 urte, La Salle ikastetxeek Proega Gobernuz Kanpoko Erakundea sortu zuten haurren artean elkartasuna bultzatzeko. Zumarragan erakusketa ireki dute urteurrena ospatzeko.
Mundu hobe bat nahi bada, haur eta gazteen artean elkartasuna bultzatzea ezinbestekoa da. La Salle ikastetxeetako arduradunek ondo dakite hori eta 1970eko hamarkadan Proyde Gobernuz Kanpoko Erakundea (GKE) sortu zuten. Duela 25 urte, berriz, Euskal Herriko ikastetxeek Proega (promozioa eta garapena) filiala sortu zuten. 25. urteurren ospatzeko erakusketa antolatu dute eta egunotan Zumarragan da.Astelehenean ireki zuten, Zelai Arizti kultur etxean. Ekitaldian, Idoia Azpilikueta Proegako idazkariak eta Jose Manuel Agirrezabalaga kudeaketa taldeko kideak parte hartu zuten. GKEren lanari buruzko bideoa ikusi zuten eta ondoren solasaldia egin zuten bertaratutakoekin. Erakusketan Proegaren lanaren berri ematen duten panelak ikus daitezke. Panelak bihar arte egongo dira Zumarragako kultur etxeko sarreran.
Proegak 232 egitasmori eman die laguntza 25 urte hauetan. 13 milioi euro baino gehiago banatu dituzte. Gainera, 229 boluntario bidali dituzte munduko herrialde pobretuetara.
Zumarragako ikasle, irakasle eta gurasoek ere euren aletxoa jarri dute. Izan ere, hasieratik kolaboratu dute: lehenengo Proyderekin eta azken 25 urteotan Proegarekin. «Helburu nagusia gazteekin elkartasuna lantzea da. Gabonetan postalak saltzen ditugu eta martxoan informazio kanpaina bat egiten dugu. Bide batez, eskolako familien artean diru bilketa egiten dugu», azaldu du Aitor Macho zuzendariak.
Lana bere fruituak ematen ari dela uste du. «Gauza txikiak eginez, asko lor daitekeela esaten diegu ikasleei. Horretarako, guztiok zertxobait egitea behar dugu. Gazteak gero eta sentsibilizatuagoak daude».
Gainontzeko urretxuar eta zumarragarrek ere badute Proegari laguntzeko aukera. Izan ere, guraso, guraso ohi eta ikasleen Arco Iris antzerki taldeak urtero bi emanaldi egiten ditu Proegaren alde.
Aurtengo antzerki saioak ostiral honetan izango dira, Zelai Arizti aretoan. Lehenengoa 19:00etan hasiko da eta bigarrena 22:00etan. Sarrerak 5 euro balio du, baina 18 urtetik beherakoek 3 euro bakarrik ordaindu beharko dute. Diru guztia Nepalera bidaliko dute. Izan ere, Proegak kanpaina bat abian jarri du lurrikara pairatu dutenen alde.
Aurtengo antzezlana
Mari Carmen Viedma antzerki taldeko kideak herritarrei gonbitea luzatu die. «Rafael Mendizabal donostiarraren Gente guapa… gente importante lana antzeztu behar dugu. Puri-purian dagoen gai bati buruzkoa da. 2000. urtean estreinatu zuten Donostiako Antzoki Zaharrean», aipatu du.