Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzak hamargarren urteurrena du aurten, eta igandean kontzertu berezia eskaini zuten elizan. Udazkenerako abesbatzaren garapena erakusten duen kontzertua ari dira prestatzen.Errekatxoz inguratuta dago Ormaiztegi. Izena bera ere...
Ormaiztegiko Urmaiz abesbatzak hamargarren urteurrena du aurten, eta igandean kontzertu berezia eskaini zuten elizan. Udazkenerako abesbatzaren garapena erakusten duen kontzertua ari dira prestatzen.
Errekatxoz inguratuta dago Ormaiztegi. Izena bera ere hortik etor daitekeela pentsatu ohi da: ur maiztegi, ur biltegi. Ideia horri buelta batzuk emanda jarri zioten Ormaiztegiko abesbatzari ere izena: Urmaiz. Izena duela zortzi bat urte hartu bazuen ere, hamargarren urteurrena du aurten abesbatzak. Hainbat emanaldi eskaini dituzte ordutik. Lierniko erromerian izan zen lehena, 2005eko uztailaren 10ean. Azkena, berriz, joan den igandean, herriko elizan, urteurrena aitzakiatzat hartuta.
Edurne Elortza abesbatzako kidearen hitzetan, «ederra» izan zen igandeko kontzertua. Urmaiz abesbatzako kideez gain Mirandako orfeoia, Donostiako Goratzarre abesbatzako kideak eta beste hainbat gonbidatu izan ziren emanaldian, eta amaieran jendea txalo egitera zutitu zen.
Abesbatzaren sorreratik izan da bertan Elortza, eta ongi ezagutzen du izandako garapena. «Ormaiztegin beti izan da musikarako zaletasuna, eta garai batean ere bazen abesbatza», adierazi du. 2005ean gauzak nahiko geratuta zeuden, ordea, eta berriro ere talde bat sortzeko bilera antolatu zuten udalaren bidez. «35 bat lagun bildu ginen, eta hala sortu genuen taldea, Debora Herrero zuzendari genuela». Herrerok handik urte pare batera utzi zuen Ormaiztegiko abesbatza, eta Alberto Saez de Puentek hartu zuen kargua. «Zorrotza da, baina oso gustura gaude berarekin».
Berriz egingo dute zarzuela
Hamar urte hauetan abesbatzako kideek asko ikasi dutela adierazi du Elortzak. «Taldean lan egiten ikasten da, besteen ahotsak entzuten… kontuan izan gutako gehienok ez dugula musika ikasketarik, eta horrek esfortzu handia eskatzen du». Gustuko esfortzua dute, ordea, eta gutxitan egiten dute kale asteroko entsegura. «Askorentzat terapia modukoa da, eguneroko bizimodutik deskonektatzeko modua».
Abesbatzaren momentu gozo asko oroitzen ditu Elortzak. Esaterako, Haitirako dirua biltzeko egin zuten emanaldia, edota iaz herrian egin zuten
El caserío zarzuela. «Emanaldi hori oso garrantzitsua izan zen guretzat; oso giro ona sortu zen, eta harrera ezinhobea izan zuen».
Aurten ere, hamargarren urteurrena ospatzeko, zarzuela errepikatzeko asmoa du Urmaiz abesbatzak. Udazken aldera izango da, eta aurrekoan baino are gehiago prestatuko dutela esan du Elortzak. Bestalde, hamar urte hauetako garapena erakusten duen kontzertua antolatzen ere ari dira, urri alderako. «Eta agian beste zerbait ere sortuko da, guk etorritakoari heltzen baitiogu».