Larunbatean estrenatuko dute, Bide Berdeen Nazioarteko egunean; 16:00etan jarri dute hitzordua Mutiloako plazan
Niko Osinalde, Iñaki Ugalde eta Lurdes Azpiazu Mutiloako aurkezpenean.
Bide Berdeen Nazioarteko eguna aprobetxatuko dute Ormaiztegiko eta Mutiloako udalek eta Goiturrek familientzako turismo eskaintza berria aurkezteko. Mutiloa eta Ormaiztegi arteko Bide Berdean eta bere inguruan, orientazio jokoa diseinatu dute. Era horretan, orientazio kirola, senderismoa eta asmakizuna uztartzen ditu ibilbide didaktiko berria. Bide Berdeaz gain, Troi bidea (Mutiloatik Barnaolara) eta Lierniatik Mutiloara doan Santiago Bideko ibilbidea ere txertatu dute ibilbidean.
Goierritarrentzat nahiz kanpotik etortzen diren bisitarientzako osatutako eskaintza da. Goiturreko Niko Osinaldek aurkezpenean adierazi duenez, “familiei turismo aktiboaren inguruan eskaintza berri bat” egitea da helburuetako bat. Horrekin batera, “ibilbide didaktiko-ludiko honekin eskualdeko posizionamendua hobetzea, esperientzia berri bat gehitzea” du helburu.
Ibilbide zirkularra
5,5 kilometroko ibilbide zirkularra osatu dute. Ibilbideko hamar puntutan baliza bana aurkituko dute ibiltariek. Galdera bat izango du, eta galdera bakoitzaren erantzunarekin hizki bat jasoko dute eta amaierarako hamar hizkiko hitz bat osatuko dute. Ormaiztegiko Zumalakarregi museoa jasoko dira mapa eta arkatz txiki bat. Osinaldek zehaztu duenez, “mapa horretan ibilbidean zehar aurkituko dituzten puntuei dagozkien galderak edo asmakizunak egongo dira, baita mapa eta bestelako informazio praktikoa ere”. Erantzuna aurkitu beharreko galderak, naturaren, ingurunearen eta meatzaritzaren ingurukoak dira.
Larunbateko saioa dinamizatua
Larunbatean orientazio joko dinamizatua egingo dute. Mutiloako plazan jarri dute hitzordua, 16:00etan. Ibilbidearen amaieran, 18:30ak aldean, aurrez izena eman dutenei ogitartekoa, sagardoa eta ura eskainiko zaizkie dohainik Mutiloako plazan.
Izena ematea doakoa da; Zumalakarregi Museoan (943 889 900 – mzumalakarregi@gipuzkoa.eus) edo Mutiloako udaletxean (943 800 450) eman behar da izena.