Gu ere bertsotan egitasmoan parte hartu duten Legazpiko Haztegi ikastolako eta Domingo Agirre ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako ikasleek ikasturte amaierako jaialdia egin dute, eta 160 haur inguruk parte hartu dute.
Gu ere bertsotan Bertsozale Elkartearen egitasmo bat da. Helburua haurren artean bertsozaletasuna suspertzea eta, bide batez, euskara, sormena eta komunikatzeko ahalmena lantzea da.
Legazpin, LHk 5. eta 6. mailako ikasleek parte hartzen dute. Astean behin bertsolaritza lantzen dute. Aste batean beraien irakaslearekin eta hurrengoan Bertsozale Elkarteko Mikel Artolarekin. Egitasmoak Legazpiko Udalaren laguntza jasotzen du.
Haztegi ikastolakoek bost urte daramatzate egitasmo honetan parte hartzen. «Proiektu honekin bat egin aurretik, tailer moduan lantzen genuen bertsolaritza. Ez zen nahikoa. Egitasmo honek Urretxun eta Zumarragan arrakasta izan zuela ikusi genuen eta guk ere parte hartzea erabaki genuen», aipatu du Maria Jesus Telleria Haztegiko irakasleak.
Oso gustura daude. «Bertsozale Elkartekoek haize freskoa ekarri dute. Haurrek lehen baino motibazio handiagoz lantzen dute bertsolaritza. Egia esan, kanpotik norbait ekartzen duzun guztietan hori gertatzen da».
Gainera, fruituak ematen ari dela uste du. «Bertsolaritzak euskarari mesede egiten dio. Euskaraz hobeto hitz egiten laguntzen du. Gainera, egitasmo honek bertsolaritza suspertzeko balio du. Gu, adibidez, herriko bertso eskolari laguntzen saiatzen gara. Horretarako, gazteak izena ematera animatzen ditugu».
Domingo Agirre ikastetxeko Jorge Intsausti berarekin bat dator. «Guk hiru ikasturte daramatzagu egitasmo honetan parte hartzen. Oso interesgarria iruditu zitzaigulako erabaki genuen bat egitea eta, egia esan, oso gustura gaude. Proiektu honi esker, ikasleek bertsolaritzaren mundua ezagutzeko aukera dute eta beraien komunikazio ahalmena garatzen dute. Hiztegia aberasteko ere balio die».
Atzo arratsaldean urtean zehar egindako lana erakusteko aukera eduki zuten. Bi saio eskaini zituzten. Lehenengo 5. mailakoak aritu ziren eta ondoren 6. mailakoak. Bertso saioak Latxartegi aretoan izan ziren eta haurrek beraien gurasoak gonbidatu zituzten. Eskolan idatzitako bertsoak abestu zituzten.