Aldundiak eta Dendartean elkarteak bultzatutako kanpainarekin bat egin dute Ordizian elkarteko merkatariek. Hiru aste iraungo duen kanpaina egingo dute, erosleak kontzientziatzeko
Herriko komertzioetan ingurumena zaintzeko kanpaina jarri dute martxan Ordiziako merkatariek. Dendartean elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak abiarazitako proiektua da, eta Hernanin, Errenterian eta Ordizian egingo dute. Dendariek, hondakin gutxiago sortzeko argibideak eman eta ohiko plastiko poltsen ordez, poltsa biodegradagarriak emango dituzte. Herriko 49 komertziok parte hartuko dute egitasmo honetan.
Herritarrak eta bezeroak «hondakinak murriztearen garrantziaz» sentsibilizatzea da Dendartean eta denon artean zero zabor Ordizian kanpainaren helburu nagusia. Dendartean elkartekoek azaldu dutenez, «kontsumo arduratsuaren garrantzia indarra hartzen» ari da azken urteotan, eta «komertzio txikiok ingurumenarekin dugun lotura etengabe gogorarazi behar diogu gizarteari». Zentzu horretan, elkartearen balore eta helburu nagusiak gogorarazi dituzte: «bertako produktuak erostea, tokian tokiko ekonomia indartzea eta aberastasunaren banaketa justuagoa, ahalik eta hondakin gutxien sortuaz».
Poltsak eta zozketa
Komertzioetan hondakin gutxiago sortzeko martxan jarri duten kanpaina honek hilaren 18ra arte iraungo du. Hiru aste hauetan zehar, plastikozko poltsen ordez, poltsa konpostagarriak edo biodegragagarriak emango dituzte. Poltsa ematen duten bezeroei bakarrik emango zaizkie, «egokiena telazkoa erabiltzea» dela gogorarazi nahi dute eta.
Bestalde, herriko dendetan panel informatiboak jarriko dituzte, «bezeroak hondakinak murrizteak duen garrantziaz sentsibilizatzeko». Bezeroei aholkuak emateko karteltxoak ere jarriko dituzte mostradoreetan. Aholku horiek bete ezkero, produktu ekologikoen sei sortaren zozketan parte hartzeko txartela jasoko dute. Zozketa, hilaren 19an egingo dute.
Merkatariei beraiei ere, «praktika onen inguruko formazioa» emango diete, bide batez, dendariei ere «zero zabor konpromisoa» hartzeko gonbitea eginez. Azkenik, kalean ere nabarituko da kanpaina horren eragina. Izan ere, herritarrei erosketak non egin dituzten edota telazko poltsak edo erosketetarako orga erabiltzen duten galdetu eta opariak banatuko dituzte.