Beasainen profesionalen pilota jaialdia dago bihar, ikastolak antolatuta
Profesional mailako zortzi pilotarik Beasainen jokatuko dute, bihar, Andramendi ikastolak antolatutako urteroko jaialdian. Antzizar kiroldegian da, 22:00etan hasita. Sarreren leihatila 21:00etan zabalduko dute, bihar; 15 euroan dira, baina aurrez (bihar egunean zehar) kiroldegian erosita, beste lagun batentzat gonbidapena oparituko dute, txartel banako. Haurrek doan dute.
Asegarce enpresarekin atondu dute karteldegia. Lehen partida Arretxe II.a-Iturriagak eta Tainta-Beginok jokatuko dute. Bigarrena, neurketa nagusia, Urrutikoetxea-Ladis Galartzak eta Idoate-Untoriak. Euskal Telebistak zuzenean emango du, ETB1 katean. Andramendiko Juanjo Lasa Txani-k azaldu du ikastolak urtero prestatzen duela euskal kirolen jaialdi handi bat. Iaz aizkolarien 1. Mailako finala izan zen; gainontzekoetan, pilota. «Gure kirolak eta kultura sustatzea da helburua», gehitu du.
Idoate, berriz kantxan
Neurketa nagusirako Asegarcek jarri dituen pilotariak goraipatu ditu Lasak. Urrutikoetxea buruz buru finalaurrekora iritsi da. Untoria, binakakoan, nahiz ordezko hasi zen, Bengoetxearekin batera txapela jantzi du. Galartza sendoaren aurka ariko da, atzeko koadroetan. Mikel Idoate iruindarra, berriz, min hartuta egon da, eta berriro martxan da. Beasaingo Udalak babestua da jaialdia.
Aitor Larburu jarduneko zinegotziak 2011-2015 agintaldiko lana ekarri du hizpidera: «Lau urteotan gure kirola babestea eta bultzatzea zen asmoa. Apustua zein zen argi geratu da». Asegarcerekin itxi duten hitzarmena, herri kirolen teknifikazio gunea eta herriko eragileekin —ikastola zein Murumendi pilota eskola, kasu— hartu-emanak jarri ditu horren eredutzat.