Maider Agirre: "'Bihotzero' liburuak badauka egitura berezi bat, ezberdina"
Maider Agirre beasaindarraren sei urteko borrokak, ahaleginak eta pazientziak badu emaitza: ‘Bihotzero’ eleberria. Gaur Beasainen aurkeztuko du, Igartzako jauregian.
Maider Agirre beasaindarrak ‘Bihotzero’ eleberria argitaratu du.
Beti bere barnerako idatzi badu ere, kanpora begirako lehen idazketa lana argitaratu du Maider Agirrek (Beasain, 1974): ‘Bihotzero’. Liburua idazten duela sei urte bukatu bazuen ere, eta bidea luzea eta malkartsua izan bada ere, azkenean lortu du beasaindarrak bere «hitzei haizea ematea». Gaur aurkeztuko du 18:30ean Beasainen, Joserra Garzia ondoan duela. Hilaren 10ean, Zumarragan aurkeztuko du, Zelai Ariztin 19:00etan.
Beasainen kultur teknikari lanean da ezaguna Maider Agirre. Noiztik da Maider idazle?
Aspalditik idazten dut. Baina normalean beti barrurako, niretzako. Argitaratzeko helburuarekin idatzi dudan lehenengo aldia hau izan da.
Duela sei urte bukatu nuen liburua.
Liburua argitaratu arte sei urteko odisea pasatu behar izan duzu. Bai, eta gauza asko pasatu da denbora horretan. Alde batetik, Joserra Garziarekin urtebetean zuzenketa prozesuan aritu ondoren, 2010ean argitaletxeetan atez ate hasi ginen. Nire harridurarako lehenengo argitaletxeak baiezkoa eman zidan. Baina urte erdiz zain egon ondoren, itxi egin zuten argitaletxe hura.
Autoedizioari heldu zenion orduan.
Bai, iazko irailean hartu nuen nik argitaratzeko erabakia. Eta handik aurrera egia esan, gozamena izan da. Gauza asko deskubritu ditut: irudiak egiten dituen Idoia Beratarbide, adibidez. Nire liburuak ohiko merkatuan ez luke duen itxura hau edukiko, ezingo litzateke irudi aldetik liburua dagoen bezala egon osatuta. Autoedizioarekin nire erara egin dut dena. Izenburua ere hortik doa, bihotzero egin dut dena, bihotzak agintzen dizun ero eta eran.
Denbora guzti honetan aldaketak egin dizkiozu liburuari?
Ez. Alderantziz, liburua hautsa hartzen egon da kaxoian. Izenburua bai, aldatu behar izan diot. Liburuak beste izenburu bat zuen hasieran, baina tarte horretan izenburu bereko liburu bat argitaratu da. Asko kostatu zitzaidan Bihotzeroraino iristea baina nire-nirea da eta ez nuke ezergatik aldatuko orain.
Zer kontatu nahi izan duzu lehenengo eleberrian?
Nik orain liburua zertaz doan kontatuko banu, liburuari magia asko kenduko nioke. Irakurleak deskubritu behar duen zerbait dela iruditzen zait. Hori bai, protagonista neska bat da.
Estilo aldetik nolakoa da?
Liburuak badauka egitura berezi bat, ezberdina. Nobela bat da eta nobela den aldetik trama bat dago. Istorio bat badago baina istorio horrek sarritan etenak dauzka. Eten horietan daude sartuta halako mikroerrelato txiki batzuk; ez dira ipuinak, ez da narrazioa, ez da poesia, pixka bat dena da. Eta horietako bakoitzak irudi bat dauka. Nobelan aurrera zoazen heinean, bukaera aldera, errelato horiek ere zentzu bat hartzen dute istorio handi horretan.
Non eros daiteke?
Aurkezpen guztietan egongo da salgai. Goierriren kasuan, Beasainen eros daiteke Mirentxu liburu dendan eta Arteka dendan.
Pasatakoak pasatuta idazteko gogoarekin jarraitzen duzu?
Bai, eta gainera izugarrizko gogoa daukat idazteko. Lau liburu ditut idazten hasita, lauak oso desberdinak dira. Denak ez dira eleberriak, bat saiakera da, oso gai desberdinekoak dira … batak bestearekin ez dauka zerikusirik.
Amore ez emateak sari izan du beraz.
Euskal abesti batek dio, Ezaren gudaz baietza sortu, ukazioa legetzat hartuz, beti aurrera joatea. Ezezkoetatik gaur egun nagoen lekura iritsi naiz. Askatasunez egin dut, eta nire gustuen arabera, nik erabakiak hartuta, eta libre izan naiz.
Itxura berriarekin aurkeztu duzu liburua, buruan gandorra jarrita.
Liburuari ezin zaio kresta bat jarri baina bere ordez nik jarri dut. Liburu honekin bizi izan ditudanak bizi izanda, punk indartsu bat piztu zait.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.