Eskola Txikiek jai giroan oihukatu dute bizirik direla
Gipuzkoako 26 eskola txikitako kideek Gabirian egin zuten, atzo, herrialdeko 28. festa. 1991n bezala, herri eta auzo txikietako ikastetxeek duten berebiziko funtzioa gogorarazi dute, herrigintzarako herritarrak sortzen. Eskola txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik leloarekin ospatu dute, beste behin, beren izatea bera.
Goizean ekitaldi ofizialarekin hasi zen eguna, Gabiriako plazan. Ikaztegietako herri eskolakoek jaso dute lekukoa, 2016ko jaialdia haiek antolatuko dutelako. Erakundeetako eta eragile politiko, sozial eta sindikaletako ordezkari askok babestu dute Eskola Txikien lana. Festa giroko jarduerak izan ziren gero, egun osoan: puzgarriak, zirko ikuskizuna, dantzaldia, lanbide zaharren erakusketa, jolasak… Euri zaparradek barrura bildu zuten jendea eguerdian. Karpa erraldoian izan zen bazkari herrikoia.
Hona hemen festaren irudi batzuk (argazkilaria: Aimar Maiz):