Goierriko auzoetako festak ere ez dira makalak
Goierriko San Joan festa garrantzitsuenak Olaberria, Segura eta Urretxukoak dira, baina hainbat herritako auzotan ere ospatuko dituzte sanjoanak. Ataungo Arrondon, Beasaingo Zapatarin, Legazpiko Telleriarten eta Ordiziako Majori-Otegienean, hain zuzen ...
Beasaingo Zapatari kalean mus txapelketa antolatu dute gaurko. 22:00etan egingo dute, Irizar Etxea tabernan. Bihar goizeko ekitaldiei dagokienez, 11:00etan jolasak egongo dira eta 12:00etan angelusa egingo dute. Ondoren, herri bazkariak egingo dituzte: 13:30ean haurrena eta 14:30ean helduena.
Bazkalostean, 15:30ean haurrentzako ludoteka egongo da eta 16:30ean zozketak eta helduentzako jolasak egongo dira. 18:00etan jaietako ekitaldi bereziena hasiko da: zapata jaurtiketa txapelketa.
Jaiak direla eta, gaurko 12:00etatik aurrera ezingo da aparkatu Zapatari kaleko bi aldetan eta Nafarroa etorbidean (Niza tabernatik Labealde kafetegiraino).
Legazpiko Telleriarte auzoan ere San Joan jaiak ospatuko dituzte. Asteartean eta asteazkenean, hain zuzen ere. Festak lora bedeinkazioarekin hasiko dituzte. Ekitaldi hau 18:00etan izango da. 21:00etan auzo afaria egingo dute eta 23:00etan sua piztuko dute. Gainera, trikitilariekin dantzatuko dute.
Asteazkenean ere ez da musikarik faltako. 10:30ean Goiz Deia txistulari taldeak goiz eresia egingo du, 11:00etan meza egongo da eta 12:00etan mokadutxoa jango dute. Ekitaldi hau bertsolariek eta Xapre eta Zarra trikitilariek girotuko dute. Ondoren, 14:00etan, jubilatuek bazkaria egingo dute. Hor ere ez dira bertsoak eta trikitixa soinua faltako.
Arratsaldeko ekitaldiei dagokienez, 18:00etan haur jolasak egongo dira, 18:30ean bolatan eta tokan jokatuko dute eta 18:30etik aurrera trikitilariek joko dute.
Otegienea-Majoriko festei dagokienez, auzo batekoak baino hiri batekoak dirudite. Izan ere, gaurtik asteartera bitartean makina bat ekitaldi egongo da.
Gaur, 18:00etan, suziria piztuko dute eta Ordiziako musika eskolako banda txikiak joko du. Gainera, haur krosa egongo da. 19:00etan, berriz, buruhandiak irtengo dira eta goierriko bertso eskolako gaztetxoek abestuko dute.
20:00etatik aurrera, rock kontzertuak egongo dira. Lehen zatian musika eskolako taldeek joko dute eta bigarrenean, 22:00etatik aurrera, herriko taldeek.
Bihar ere ez dira aspertuko ordiziarrak eta bertara hurbiltzen direnak. 10:00etan suziria botako dute (Auzo honetakoek ia egunero botatzen dute, valentziarrak dirudite) eta 10:30ean haurren marrazki lehiaketa hasiko da. 11:00etan, berriz, sukaldaritza lehiaketari ekingo diote. 11:30ean Urdaneta eta Amets Bide taldeek euskal dantzen erakustaldia egingo dute, 13:00etan sukaldaritza lehiaketako sariak banatuko dituzte, 13:15ean pintxoak salduko dituzte eta 14:30ean auzo bazkaria egingo dute.
Arratsaldean ere egongo dira ekitaldiak: 16:30ean mus txapelketa jokatuko dute, 17:00etan apar festa ospatuko dute, 19:00etan buruhandiak irtengo dira, 19:30ean haurren mozorro lehiaketa egingo dute eta 20:00etan Ritmo de Luna dantza eskolakoek erakustaldia egingo dute. Biharko ekitaldiekin bukatzeko, 21:30ean Ordiziako Twin Melody bikoteak abestuko du, 22:00etatik aurrera Drindots taldeak joko du eta 23:00etan mozorro lehiaketa egingo dute.
Igandeko suziria 11:00etan piztuko dute. Ordu erdi beranduago tortilla lehiaketa hasiko da, 12:00etan ipuin kontaketa saioa egongo da, 12:30ean lehiaketako sariak banatuko dituzte, 12:30ean pintxoak salduko dituzte eta 13:00etatik aurrera Laguntasuna errondailak auzoa girotuko du.
Arratsaldean, berriz, musika eskolako trikitilariek joko dute. Gainera, 16:00etan toka lehiaketa hasiko da, 18:30etik aurrera haurrek Gorritirekin eta bere animaliekin jolasteko aukera edukiko dute, 19:30ean DJ Jerryrekin dantzatuko dute eta 20:30ean buruhandiak irtengo dira.
Jaiak asteartean bukatuko dira. 19:00etan sardina jana egongo da, 19:30ean DJ Jerryk musika jarriko du, 22:00etan sua piztuko dute eta 22:30ean su artifizialak egongo dira.
Ataungo Arrondo auzoa
Ataungo Arrondo auzoan ere festa itzelak prestatu dituzte. Gaur futbolin txapelketa egongo da. Haurrek 21:00etatik 21:30era eman behar dute izena eta helduek 22:00etatik 22:30era.
Bihar, 10:00etan mendiko bizikleta proba hasiko da. 12:00etan euskal artzain txakur txapelketa hasiko da eta 16:00etan mus txapelketa egongo da Rafaelene tabernan. Igandeko egitarauari dagokionez, 09:00etarako Olatara ibilaldia antolatu dute. 12:30ean haurren toka txapelketa hasiko da eta helduen izen-ematea irekiko da. Igandeko ekitaldiekin bukatzeko, 17:00etan haur jolasak egongo dira.
Jaiak asteartean bukatuko dira. 20.00etan kalejira egingo dute eta 20:30ean afaria Rafaelenen, bertsolari eta trikitilariekin.