Paul Iruretagoiena: "Bertsotan trebatzeko onena, elkartu eta kantatzea"
Hitz jario errazekoa eta zorrotzekoa da Paul Iruretagoiena (Ataun, 1998). Bertsolari gisa, lagunartea eta mahai buelta nahiago ditu txapelketak baino. Hala ere, Euskal Herriko Eskolarteko finalean abestuko du.
Bertsotarako zaletasuna nondik datorkizu? Ataungo aitona zenarengandik. Joxe Rezola, duela gutxi hil da. Txikitan bertsoak, bertsolarien kontuak eta pasadizoak beragandik jaso nituen. Nik uste dut hortik sortu zaidala zaletasuna. Gero, bere momentuan, Ataunen bertso eskolan ibili nintzen. Baina, berez, aitonarengandik. Osaba-eta ere zaleak dira.
Bertso eskolan zenbat urterekin hasi zinen? Hamabi-bat urterekin, pentsatzen dut. Goikorekin [Jexux Goikoetxea]. Hasieran bastanteko taldea animatu ginen. Gero, oso jende gutxik segi genuen, eta azkenean ni bakarrik gelditu nintzen. Goikorekin ere asko ikasi nuen, asko lagundu zidan. Beranduago, Ordiziara joan nintzen, Goierriko Bertso Eskolara.
Goierriko harrobira. Zein zenuten orduan irakasle? Aitor Sarriegi zebilen orduan. Gipuzkoako Eskolartekoan Gabiriako Potto [Aratz Igartzabal] eta Beasaingo Gemma Urteaga ziren ateratzeko. Ea eurekin taldea osatuko nuen esan zidaten, eta horretarako hasi nintzen Ordizian. Txapelketa bukatu ondoren han segitu nuen jada.
Bertsolari bezala, non ikusten duzu zure burua erosoen? Nolako bertsokera duzu? Gehiena txapelketan aritu naiz, gazteek ez daukagulako plaza askotarako aukera. Baina berez ez da nire gustukoa, jendeak pentsa badezake ere txapelketetan ateratzen denetakoa naizela. Nire bertsokera ez da hori. Lagun artekoa, afarietan, parrandakoa… dut gustuko bertsokera.
Txapelketetan ezinbestean atera behar hala ere, ezta? Bai. Askotan pentsatu izan dut, ez naizela txapelketa zalea, eta ez ateratzea ere ibili izan dut buruan. Baina ez bazara joaten, beste aukerarik ez daukagu.
Urtean zehar zenbat saio izaten ditu 17-18 urteko bertsolari batek? Zeuk, adibidez. Gipuzkoako Eskolartekoa, eta batzuetan Goierriko Bertso Eskolatik deitzen digute, nonbait saioren bat behar bada: Ordiziako Altamiran egin ohi dugu… Ataunen, San Joan bezperan Arrondo auzoan badugu saio bat finkoa. Gure artean ere egiten ditugu beste bat edo bi, urtero. Aukerak badauzkagu; asko ez dut esango, baina batzuk bai.
Gai aldetik, lagunarterako umoretsuak gustukoago? Bai. Serioak ere bai, baina nahiago ditut besteak. Gai sakonak ere gustatzen zaizkit. Baina orain jartzen dituzten gai asko, txapelketetan-eta, konplikatuegiak iruditzen zaizkit.
Larunbatean Euskal Herriko Eskolarteko finalean ariko zara. Bereziki prestatu duzu? Ez. Egin behar genuke, baina ez dugu batere egin. Orain jada ez naiz joaten Ordiziako bertso eskolara. Goierrin lau-bost lagun elkartzen hasi ginen, bertso eskolatik aparte, gure artean. Nahiko serio hasi ginen, baina azkenaldian batere ez. Batek errekuperaketak dituela, besteak ez dakit zer…
Prestakuntzaz, “egin behar genuke” diozu. Zer? Elkartu eta kantatu. Nik ez dakit, bestela, prestakuntza berezia zer den. Iruditzen zait onena elkartzea eta kantatzea dela. Jardun; bertsotan hasi eta segi. Eta ez dugu asko egiten. Erraztasuna, lantzen ez bada edo entrenatzen ez bazara, galdu egiten da.
Zeintzuk elkartzen zarete? Ataunen bi ibiltzen gara, Mikel Tapia eta ni. Gero, Segurako Eneko Araiztegi eta Gabiriako Potto. Gehienak, horiexek. Lehen, besteren bat edo beste ere etortzen zen. Batzuetan Ataunen elkartzen gara, Oargin. Beste batzuetan Gabiriako Osinalde elkartean. Hamaiketako bat egin, zerbait jan, eta kantatu lasai. Ederki pasatzen dugu.
Finalak irabazteko direla esan ohi da. Baina, 17 urteko mutiko batentzat irabaztea da garrantzitsuena? Zer jasotzen duzu halako txapelketetatik? Jendea ezagutu, nola egon jakin… Esperientzia ikastea da garrantzitsuena niretzat, azkenean. Uste dut hasi nintzenean baino askoz lasaiago eta hobeto egoten naizela orain. Eta horrek ere balio du. Bertsoek jende dezente ezagutzeko aukera eman didate, bai udalekuetatik, bai eskolartekoetatik.
Zein dira zure erreferenteak bertso munduan? Orain dabiltzanetatik, Amets Artzallus eta Maialen Lujanbio oso onak dira, dudarik gabe. Baina niri beste estilo bat gustatzen zait, nahiz eta ez diren besteak adina aditzen: Iker Zubeldia, Ataungo Iban Urdangarin… Gertuko bertsolariak dira; umore handia, jendea algaraka jartzen dute. Lehengo bertsolarien modukoak gehiago ikusten ditut.
Euskal Herriko Eskolarteko finala, larunbatean Orion
Paul Iruretagoiena Euskal Herriko Eskolarteko 27. Bertsolari Txapelketaren finalean ariko da, etzi, Orion. Pilotalekuan da saioa, 11:00etan. Gipuzkoako Eskolarteko txapelketan txapeldunorde geratu zen Iruretagoiena, Irunen, apirilaren 26an. Gipuzkoako ordezkari bat bera izango da nazioko finalean; Iñigo Ibañez azpeitiar irabazlea da bestea. Herrialdeetako lehiaketetatik sailkatutako 9 bertsolarik kantatuko dute, Orion. Gipuzkoarrez gain, Manex Maiharin (Nafarroa), Aitor Servier eta Nahia Sasco (Lapurdi), Txaber Altube eta Lurdes Ondarro (Bizkaia), eta Peru Abarrategi eta Peru Amorrortu (Araba).