Goierriko Jazzaldia bueltan da
Hirugarren urtez egingo dute Goierriko jaialdia, Ordizia eta Arama artean. Elkano Browning Cream eta DJ Makala dira aurtengo amu nagusiak.
Euskal Herrian jazzaren arloan izen handia duen talde bat izango dute aurten: Elkano Browning Cream. Mikel Azpiroz piano jole eta organistaren hirukoa, laugarren diskoa besapean duela etorriko da Ordiziara. Azpirozekin batera, Dave Wilkinson gitarra joleak eta Franck Mantegari bateria jotzaileak osatzen dute hirukoa. Estilo ugari nahastuz, jazz bizi eta koloretsua egiten dute. Larunbat gauean joko dute, 23:00etan, Barrena parkeko eskenatokian. Gaueko eskaintza osatzeko, DJ Makala disko jartzailearen doinuak izango dira, goizaldera arte.
Kartelburu izango diren izen ezagunagoen ondoan, talentu gazteei ere tokia egin nahi diete Jazzaldiaren antolatzaileek. Hala, larunbat arratsaldean Musikeneko Swingpapers taldea eta Eva Fernandez saxofoi jotzaile gaztearen kontzertua izango da, Aramako parkean.
Ostiralean berriz, etxeko musikarien txanda izango dute. Secundino Esnaola musika eskolako Big Bandak joko du herriko plazan, 19:00etan. Ondoren, Girls in Band taldearen saioa izango da, D’Elikatuzen.
Sarrera eta autobusa doan
Jaialdiak hasierako filosofiari eusten dio, eta astebururako antolatu dituen kontzertu guztiak doan izango dira. Baita Ordiziatik Aramara joan-etorriko bidaia egiten duen autobusa ere.
Horrekin batera, Goierriko Jazzaldiaren irudia daramaten kamisetak, gizonezkoenak zein emakumezkoenak, salgai daude Ordiziako Sugaar tabernan, 15 euroan. Bestalde, Goierriko Jazzaldiaren laguntzaile den Bench etxeak eskainita, gizonezko eta emakumezkoentzat bina jantzi zozkatuko dituzte, jaialdiak Facebooken duen orrialdean sartzen direnen artean.












