Legorretako 'beste historia' atera dute argitara
Legorretako Oroimen Historikoa taldeak argitaratu duen Orratzak baino hariak luzeago behar du izan liburua kalean da. Gaur arratsaldean aurkeztu dute Legorretako udaletxean, batzar areto nagusia jendez beteta zela. 270 orrialdeko lan mardula da, 1932tik 1978ra bitarteko aldiaren kontaketa historikoa egiten duena. II. Errepublika, 1936ko gerra, gerra ondorena, frankismoaren errepresioa, eta 1960-70eko hamarkadetako euskal kulturaren, hizkuntzaren eta langileriaren berpizkundea bildu eta kontatu dituzte.
Aurkezpenean hitz egin dute Zelai Amenabarro alkateak, liburua prestatu duten hiru egileek —Jon Diaz Egurbide, Mikel Gerriko eta Urko Etxeberria—, eta lana argitaratu duen Utriusque Vasconiae argitaletxeko Paulo Iztuetak.
Denek nabarmendu dute “lehen lana” izan dela, eta segimena izan behar duela. “Liburuaren lana ez da hemen bukatu. Haria eta jostorratza hartu ditugu, eta historiaren kontaketa osatzen jarraitu behar da”, esan du Amenabarro alkateak. Duela bi urte hasi ziren 17 lagun Aldapa Haundi elkartean ikerketa bultzatzen, eta ordutik hainbat legorretarren eta erakunderen laguntza izan dute.
Oroimen historikoaren bildumak, bilketak eta argitalpenak egitearen beharra ere nabarmendu dute. “Oroitzapen historikoa zerbait garrantzitsua da herri batentzat. Oroimenik ez duen herria, herri hila da”, azaldu du Iztueta argitaratzaileak. Herri bakoitzak duela bere oroimena defendatu du, “eta Euskal Herriak ere badu zer jasorik”.
Legorretako Udalak bultzatuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiak lagunduta atera da liburua, baita apirilean aurkeztu zuten Hurrengo geltokia testigantza-bilketaren dokumentala ere. Egileek, erakundeen pisua eta parte-hartzea eskatu eta eskertu dute. “2015ean, oraindik ez gaude prestaturik horrelako lanketak egin eta egia ezagutzeko; ez gaude prestaturik. Ez dira asko horretarako prest dauden instituzioak, eta alde horretatik eskerrak eman nahi dizkiot Gipuzkaoko Foru Aldundiari, publikoki erakutsi duen jarreragatik eta proiektuak aurkezteko eman duen aukeragatik”, azaldu du Jon Diazek. Udalaren babesa ere “ausardia” dela oniritzi dio.