Faboritoen artean zen Ion Izagirre ormaiztegiarra gaurko Ordiziako Klasikoa lasterketarako. Irabazterik ez du lortu, baina bai bigarren postua. “Pena” agertu du Izagirrek lasterketa amaitutakoan, “ongi ibili arren” garaipenaren ataria geratu izanagatik. Dena den, zaleek gogoz animatu dute eta txalo zaparrada galanta jaso du saria jasotzera irteterakoan. Hiru sari jaso ditu Izagirrek: bigarren sailkatuarena, lehen euskalduna eta sinpatikoenari saria.
Lehen postua Angel Madrazo kantabriarrak lortu du, Caja Rural-Seguros RGA taldekoak. 4.16.39 denbora egin du. Gustura agertu da Madrazo, eta Ordiziako Klasikoa etxekoa balitz bezala sentitzen duela adierazi du, besteren artean, emaztea euskalduna duelako. “Azkeneko sprintean dena eman dut eta irabaztea lortu dut, dena den, taldeak lan handia egin du”.
Lehenengo postuaz gain, Abaltzisketako igoerako errekorra lortu du kantabriarrak. Madrazoren taldekideak lortu du hirugarren postua, Amets Txurruka bizkaitarrak. Podioan bi txirrindulari kokatzea lortu du, hortaz, Caja Rural-Seguros RGA taldeak, eta talde onenaren saria lortu dute.
Bravo zortzigarren eta Intsaustik ez du amaituGarikoitz Bravo lazkaotarra (Murias Team) ere ongi ibili da gaurko lasterketan, eta zortzigarren postua lortu du. Irabazlearengandik 11 segundo eskasera sartu da helmugan. “Gustura” agertu da Bravo lortutako postuarekin. “Agian puntu erdi falta izan zait Izagirre eta Madrazo harrapatzeko, baina zortzigarren postua ez dago gaizki”. Jon Ander Intsausti mutiloarrak, bestalde, ez du lasterketa amaitu.
Sari banaketan txirrindulari ohi bat ere izan da: Roberto Morales. Omenaldi xumea egin nahi izan dio aurtengo lasterketan Moralesi Txapelgorri elkarteak. 1961ean eta 1965ean Ordiziako Klasikoa irabazi zuen. Gaur, berriz, lasterketari hasiera eman dio zinta moztuta. Aurreskua ere dantzatu diote.
Movistar tropelari tiraka
Lasterketa “azkarra” izan dela adierazi dute txirrindulariek. Lehen hiru itzulietan zortzi iheslariko taldea izan da buruan: Marc Soler (Movistar), Jens Keukeleire (Orica-GreenEdge), Miguel Ángel Benito (Caja Rural-Seguros RGA), Adrien Petit (Cofidis), Kiril Pozdyakov (Rusvelo), Juan Carlos Riutort (Burgos-BH), Eneko Lizarralde (Murias Taldea) eta Rafael Jorge Silva (Efapel). Lasterketaren zati handienean Movistar taldea joan da tropelari tiraka, eta laugarren itzulirako harrapatu dituzte ihes egindakoak.
Lasterketaren amaiera ikustera jende ugari bildu da. Dena den, goiz osoan zehar izan da giroa Ordizian, baita lasterketa hasi aurretik ere. Gaupasa egindako gazte ugari hurbildu dira lasterketaren aurkezpenera, txirrindulariekin argazkiak atera eta sinadurak eskatzera, askok oraindik ere garagardoa eskuan.
Sailkapena: (Sailkapen osoa hemen)
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.