Taldea eta jokamoldea berrituta ilusioa berpiztu nahi du Ordiziak
Entrenatzaile berriaz gain, bost jokalari atzerritar fitxatu ditu taldeak; bigarren taldeko jokalariei aukera emanda osatuko dute taldea .Irailaren 20an hasiko dute denboraldia
Abuztuko oporren aurretik etxeko lanak eginda utzi nahi dituzte Ordizia Rugby Elkartekoek. Bi hilabete baino gutxiago falta dira liga hasteko, baina dagoeneko taldearen bizkarrezurra izango dena osatu dute. Wade Kelly entrenatzaile australiarrak gidatuko du taldea, eta norabide berri bat ematen saiatuko da. Izan ere, jokamoldea aldatu eta joko bizia eta ikusgarria eman nahi diote Ordiziako taldeari. Besapean bost fitxaketa berri dituela etorriko da Kelly, eta bigarren taldeko hainbat jokalarik ere igotzeko aukera izango dute. Horrenbeste aldaketarekin aurtengoa trantsizio urtea izango dela pentsa baliteke ere, helburu garbi bat dute Ordizian, jokalarien eta zaleen ilusioa berpiztea.
Irailaren 20an ekingo dio Ampo Ordiziak denboraldi berriari. Eta derbi batekin egingo du gainera; Getxorekin jokatuko du, Faduran. Altamirako aurreneko partida 27an izango da, Santboianaren kontra. Ligako azken partida ere etxean jokatuko dute, Pozueloren kontra. Entrenamenduak berriz, abuztuaren 8an hasiko dituzte. Irailaren 20ko hitzorduaren aurretik, lagunarteko partidaren bat antolatzeko asmoa azaldu du klubak.
Aldaketa handiak
Kepa Korta Ordizia Rugby Elkarteko presidenteak, datorren denboraldiari begira «aldaketa handiak» egin dituztela azaldu du. «Berrikuntza handia izango da, beste filosofia bat eman nahi diogu taldeari, joko dinamikoago bat eman, eta egin ditugun fitxaketak ere filosofia horrekin lotuta daude».
Wade Kelly entrenatzailea izango da aldaketa horren ardatz nagusia. «Formazio edo talde txikietan ohituta dagoen entrenatzailea da. Aritu den taldeetan joko oso dinamikoa lortu du». Azkenean hori baita lortu nahi dutena, joko bizia eta bide batez ikusgarria lortu, zaleei ere zerbait gehiago eskaintzeko. «Zaleak errugbi polit bat ikusteko aukera izango du».
Harrobiak bere tokia Entrenatzaileaz gain, beste bost fitxaketa egingo dituzte. Atzerriko jokalariak dira denak, Zeelanda Berriko bat, australiar bat eta hiru hegoafrikar. Bost jokalari horiek taldea indartzeko erabiliko dituzte, baina oinarria bertako jokalariak izatea lortu nahi dutela dio Kortak. «Etxeko jokalariek beste aukera bat izango dute». Zentzu horretan, «ondo prestatutako jendea» dutela azaldu du. «Bigarren taldean hala erakutsi dute, igotzeko moduko maila erakutsi dute, eta merezi dute aukera hori». «Taldearen ereduaren inguruko gogoeta egin dugunean, garbi ikusi da taldearen zati bat profesionala izan behar dela, baina harrobiaren aldeko benetako apustua eginda». Zentzu horretan, «helburua basea handitzea» dela azaldu du Kortak, «gerora goian ere maila on bat izateko». Horretarako, formakuntzaren garrantzia azpimarratu du. Egun lehen taldera igotzeko moduan dauden jokalariek, prestakuntza tekniko hori badutela uste du. «Hutsune bat izan zuen taldeak hor, 20-30 urteko jokalari gutxi baitzeuden. Baina orain datorren belaunaldia ondo prestatuta dago, Dixonekin eta Parkerrekin aritu izan dira txikitatik, eta hori nabaritu egiten da orain». Denboraldi berrirako egin dituzten aldaketekin, eta bi elementu horiekin jokatuta –harrobia eta joko dinamikoa– taldearen izaera eta zaleen ilusioa berpiztu nahi ditu Ordiziak.Kepa Korta (Ordiza Rugby Elkarteko presidentea): «Berrikuntza handia izango da, beste filosofia bat eman nahi diogu taldeari» «Bigarren taldeko jokalariek maila ona erakutsi dute; aukera ematea merezi dute»
*Oharra: Beste bi fitxaketak datozen egun edo asteetan iragarriko dituzte
EGUTEGIA:
Ohorezko maila:
- 2015-09-20 / 2015-12-20: Getxo R.T. – Ordizia R. E.
- 2015-09-27 / 2016-01-17: Ordizia R. E. – U.E. Santboiana
- 2015-10-04 / 2016-01-24: Alcobendas R. – Ordizia R. E.
- 2015-10-18 / 2016-02-06: Ordizia R. E. – C.R. El Salvador
- 2015-10-25 / 2016-02-21: Ordizia R. E. – C.R. Cisneros
- 2015-11-01 / 2016-03-07: Gernika R.T. – Ordizia R. E.
- 2015-11-08 / 2016-03-20: Ordizia R. E. – Valladolid
- 2015-11-22 / 2016-04-03: F.C. Barcelona – Ordizia R. E.
- 2015-11-29 / 2016-04-10: Ordizia R. E. – Bathco Rugby
- 2015-12-06 / 2016-04-24: Hernani R.E. – Ordizia R. E.
- 2015-12-13 / 2016-05-01: C.R.C. Pozuelo – Ordizia R. E.













