Ekaitz Goikoetxearen bi lan saritu dituzte XXXI. Basarri Sarian
Basarri Sariaren 31. edizioa irabazi du Ekaitz Goikoetxea bertsolari beasaindarrak. Aurreneko saria ez ezik, bigarrena ere berari eman diote. Epaimahaikoak azaldu duenez, sekula ez da horrelakorik gertatu lehiaketa horren hiru hamarkadako historian.
Aurrenekoa, Harriak ez du begirik sortari esker jaso du. Etxe gabetzeen inguruan idatzitako lana da, historia pertsonal moduan kontatua. Epaimahaikoak azaldu duenez, «bertso sakonak, ondo eginak, zorrotzak, gaurkotasun handikoak eta ondorioz, sinesgarritasun betekoak» dira.
Bigarren saria berriz, Ardiak zenbatzen izeneko sehaska kantarekin eskuratu du Goikoetxeak. Bertso horien originaltasuna azpimarratu du epaimahaikoak. Hala, saritutako bi lanak egile berarenak izan arren, «oso estilo diferenteko sortak» direla azaldu dute.
Andoni Egañak, Nahikari Gabilondok eta Rufino Iraolak osatu dute epaimahaikoa. Lehen saria «erabateko adostasunarekin» aukeratu zuten, eta bigarrenean «eztabaida gehiago» izan baziren ere, bi sariak «aho batez» erabaki dituztela azaldu dute.
Sari banaketa ostiral honetan egingo dute Zarautzen, bertan jokatuko den Lizardi sariaren finala bukatu ostean.