Etzegaraten bidesaria jartzea izango da Aldundiaren lehentasunetako bat
Legealdiko ildo nagusiak azaldu ditu Markel Olanok Batzar Nagusietan. Etzegaraten kamioientzako bidesaria jartzea eta Deskarga amaitzea daude lehentasunen arteanBi hilabete pasatxo daramatza Markel Olanok Gipuzkoako Ahaldun Nagusi karguan, eta atzo age...
Legealdiko ildo nagusiak azaldu ditu Markel Olanok Batzar Nagusietan. Etzegaraten kamioientzako bidesaria jartzea eta Deskarga amaitzea daude lehentasunen artean
Bi hilabete pasatxo daramatza Markel Olanok Gipuzkoako Ahaldun Nagusi karguan, eta atzo agerraldia egin zuen Batzar Nagusietan, datozen lau urteetarako helburuak eta lan ildo nagusiak agertzeko. Irailaren bukaeran aurkeztuko duten kudeaketa planean jasoko dituzte proiektu zehatzak. Atzoko agerraldian kudeaketa plan horrek jasoko dituen sei ardatz nagusiak aipatu zituen Olanok: ekonomia suspertzea, hondakinen kudeaketa konpontzea, gizarte politikak bermatzea, gobernatzeko erak aldatzea, azpiegiturak amaitzea eta kultura sustatzea.Azpiegituren atalean, N-1 errepidean bidesaria jartzeko asmoa agertu du Olanok. Bidesari hori kamioientzat izango litzateke, eta errepidearen bi puntutan jarriko lukete: Irunen eta Etzegaraten. Atzoko agerraldian ez zuen bidesariaren inguruko azalpen gehiago eman, baina duela aste pare bat Ser irratian adierazi zuenez, matrikulak irakurtzen dituen sistema proposatuko du EAJren gobernuak.
Hala, Irunen eta Etzegaraten jarriko lituzkete matrikula irakurgailuak, Gipuzkoako zatia mugatzen duten bi puntuetan hain zuzen. Bi puntuetatik pasatzen diren kamioiek bidesaria ordaindu beharko dute N-1 errepidean egindako ibilbideagatik. Puntu bakarretik pasaz gero, ez da ordaindu beharrik izango. Izan ere, Gipuzkoako errepide zatitik pasatzen diren nazioarteko garraiolariei kobratzea da helburua, errepidearen mantentze gastuetan parte har dezaten.
Mordernizazio neurriak
Etzegarateko bidesariak zeresan handia eman du azken urteetan Gipuzkoako Foru Aldundian, eta orain arte ez da akordiorik lortu. EH Bilduk ere, aurreko agintaldian, proposatu zuen Gipuzkoako hainbat errepidetan ibilgailu astunentzako bidesariak jartzea, tartean N-1 errepidean eta Deskargan. Arku bidezko sistema bat proposatzen zuen EH Bilduk, kamioiek geratu gabe ordaindu ahal izateko. Sindikatuak eta garraiolarien sektorea kontra agertu ziren, ordea, eta Batzar Nagusietan ez zen aurrera atera. Orain, ikusteko dago Olanok proposatutako sistema aurrera aterako den ala ez.
Bidesaria jartzeaz gain, N-1 eta N-8 errepideetan «modernizazio neurriak» hartzeko asmoa ere agertu zuen Olanok. Dena den, atzoko agerraldian ez zuen zehaztu zein izango diren neurri horiek.
Deskargako lanak amaitu
Azpiegiturekin jarraituz, Deskargako lanak amaitzea izango da Aldundiaren beste lehentasunetako bat. Antzuola eta Bergara lotuko dituen autobideko lanak geratuta daude otsailaz geroztik. Izan ere, Aldundiak obra esleipena kendu zion zati horren eraikitzaileari, gainkostu handiagatik: hamasei milioi euro, kontratu prezioa baino %33 gehiago. Legeak %10eko gainkostua onartzen du, gehienez.
Arazo geoteknikoek eragin zuten gainkostua Antzuola eta Bergara arteko zatian. Hori dela eta, proiektu berri bat garatzeko eskatu zuen Aldundiak, eta berriro jarriko dute martxan esleipen prozesua. Lanak ahalik eta laisterren berriro ere hastea da Olanoren gobernuaren lehentasuna.
Bosgarren edukiontzia
Azpiegiturez gain, hondakinen bilketa sistemak ere eman du zeresana azken agintaldian, EH Bilduk bultzatutako atez ateko zabor bilketa sistema ez baitu begi onez ikusten EAJk. Hori dela eta, «hala eskatzen duten herrietan» atez atekoa kentzen lagunduko dutela adierazi zuen atzo Olanok.
Bestalde, errauskailua eta «hondakinak kudeatzeko beharrezkoak diren azpiegiturak» eraikitzeko konpromisoa hartu zuen. Atez ateko zabor bilketaren partez, berriz, bosgarren edukiontzia bultzateko asmoa agertu zuen.