Beasaingo Arana-Bideluze kalean festak ospatuko dituzte
Beasaingo auzoetako iraileko jai-zerrendan, asteburu honetan Arana-Bideluze kaleari egokituko zaio txanda. Gaurtik igandera dute auzotarrek ekitaldi sorta, musikan eta haur jolasetan oinarrituta. Agortan hasi (irailak 5-6), Igartza-Loinatzen segi (11-13), eta Arana-Bideluzekoen ondotik, Lazkaibarko auzo-jaiak (24) ospatuko dira Beasainen.
Arana-Bideluzen, gaur, buruhandiak eta txistulariak irtengo dira kalera, 18:00etan. Umeentzat txokolate-jana (19:00) eta disko festa (20:00) ere badaude. Gauerdian hasiko da berriz disko jartzailearen musika saioa.
Igandean, denentzat
Bihar, Euskaraokea eta Diskotxiki dantzaldia antolatu dituzte, 17:30erako. Gauean, Lemon Twist taldeak joko du, 00:00etan hasita.
Festak bukatzeko, egun osoan zabaldu dituzte igandeko hitzorduak. Umeentzat puzgarriak 12:00etatik 14:00etara egongo dira. Erretiratuentzat toka eta mendi bizikleta zirkuitua ere jarriko dituzte (12:00).
Arratsaldean, 19:00etan, Porru DJak joko du. Aizkorri elkartean lunch-a dute auzotarrek.