Indar, motorrak berotzen hasita
Indarrek 75 urte bete ditu, eta urteurreneko ospakizunei ekitaldi instituzional batekin ekin die. Gaur gaurkoz 780 langile ditu, eta aurtengo 147 milioi euroko negozio zifra duBeasaingo Indar lantegia bete-betean murgilduta dabil 75. urteurreneko ospak...
Indarrek 75 urte bete ditu, eta urteurreneko ospakizunei ekitaldi instituzional batekin ekin die. Gaur gaurkoz 780 langile ditu, eta aurtengo 147 milioi euroko negozio zifra du
Beasaingo Indar lantegia bete-betean murgilduta dabil 75. urteurreneko ospakizunetan. Enpresaren harreragunean erakutsi zuten plaka batekin, eta Igartzako monumentu multzoan egin zuten ekitaldi instituzionalarekin ekin zion atzo Indarrek hiru egunetarako prestatu duen programazio mardulari. Lantegiko arduradunek ez ezik, enpresa munduko hainbat ordezkarik eta udal, foru eta Jaurlaritzako agintariek hartu dute parte.Mikel Sarriegi beasaindar dantzariaren aurreskuaren ondoren, Aitor Aldasoro Beasaingo alkateak izan zuen plaka erakusteko ohorea, Teresa Madariaga Ingeteameko presidentea, Alex Belaustegi Indarreko gerentea eta Javier Ojeda kontseilari ordezkaria ondoan zituela. 75 urtez, gure enborrak zutik dirau. Indarrez, atzokoan finkatuz, gaur biharko bultzatzen. Beasainen, 2015eko irailaren 24an da oihal gorriak ezkutatzen zuen mezua.
Beasaingo eta Goierriko enpresa guztien garrantziari aipamena egin ondotik, Indarrek «berezitasun bat» baduela nabarmendu zuen: «Nik aita daukat Indarren 47 urtez lan egin zuena. Gure etxean ezin zen ezer esan Indarren aurka, gure etxean Indar etxea zen». Halaber, «oso gipuzkoartua daukagun familia ikuspegiarekin jarraitzeko» eskaera egin zion Aldasorok Indar enpresari.
Indar, etorkizunari begira
Altamirako Txara industrialdean 2000. urtean eraikitako lantegi berriaren instalazioak bisitatu eta gero, Igartzako monumentu multzora jaitsi ziren Igartzako burdinolaren gainean zegoen lantegi zaharra, eta jauregian egin zen ekitaldi instituzionala. Alos Quartet laukoaren musikak girotu zuen saioa.
Teresa Madariagaren esanetan, Ingeteamek 1997an enpresa erosi zuenean, «merkatu berri bat» ireki zitzaion taldeari, eta denborarekin «puntako teknologia duten instalazioak» eraiki dituzte. Langileak enpresaren «giltzarri» dira haren ustez, eta eskerrak eman zizkien bezero, akziodun eta erakunde publikoei. «Etorkizunari begira dudan ilusioa partekatu nahi dut zuekin; ea beste horrenbeste urte betetzen ditugun».
Alex Belaustegiren iritziz, Indar «ilusioa sortzen duen proiektu bat» da. «Anbizioz begiratzen diogu etorkizunari. Gure merkatuan liderrak izaten segi nahi dugu, jokatu nahi dugun partida horretan gure esku dauden baliabideak jarriz». Indar kulturaren bi ezaugarriak «zorroztasuna eta profesionaltasuna» dira.
Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburuak Indarren «izaera familiarrari» egin zion erreferentzia. «Bi familiaren eskutik hasi zena, orain lauren esku dago. Enpresa honek bere bidea bilatzen eta merkatua dibertsifikatzen jakin du». Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak, beasaindarra izanda, gertutik bizitako hiru pasarte izan zituen gogoan: 1983an ETAk Jose Kruz Larrañaga Indarreko presidentea bahitu zuenekoa; 2000. urtean enpresa tokiz aldatu zenekoa; eta 2008. urtean pabiloi batean izan zen sutea. «Nabarmendu nahi nuke Indarrek Beasaingo gizartean izan duen eta duen garrantzia».
Gaur eta bihar gehiago
Gaur Langileen Eguna ospatuko du, eta 10:00etatik 20:00etara, ekitaldi ugari izango dira: bisita gidatuak; mus, toka eta igel txapelketetako finalak; 75. urteurreneko bazkari ofiziala; bertsolariak eta aizkolariak; eta 75. urteurreneko kontzertu nagusia. Bihar, Familien Egunean, 40ko hamarkadan Indarren lan egin zuten hiru beteranori omenaldia egingo diete, besteak beste.