Txirrindulari ohi ezagunak bilduko dira igandean, Marino Lejarretaren omenez
Marino Lejarreta txirrindulari ohia omentzeko proba berezia antolatu dute Ordizian, iganderako. Txirrindulari profesional moduan aritutako ehundik gora lagun bilduko dira, 29 taldetan banatuta egingo duten errelebo proban. Goizeko 11:00etan hasita, 3 minutuko tartearekin abiatuko dira bosna laguneko taldeak. Guztira 33 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, tartean Larraizko igoera dutela.
Ordiziarekin lotura berezia izan du Marino Lejarretak, bai txirrindulari garaian –hiru aldiz irabazi zuen Ordiziako Klasikoa– eta baita geroztik ere. Orain, Ordiziako herriak emandako guztia itzuli nahi dio Berrizko txirrindulariari, omenaldi moduan. Jose Luis Sanz Txapel Gorri elkarteko kideak azaldu duenez, “izen ezagun asko” bilduko dira igandean Ordizian: Abraham Olano, Claudio Chiappucci Jokin Mujika, Joseba Beloki, Roberto Laiseka, Maximiliano Lelli, Gonzalez Galdeano, Gorospe anaiak, Alvaro Pino, Iñigo Cuesta, Fabio Parra…
Talde horien entrenatzaile moduan ere, beste hainbat izen ezagun daude, hala nola Txomin Perurena, Xabier Usabiaga, Ixio Barandiaran, Manolo Saiz edota Gorka Izagirre. Bitxikeria moduan, azken talde horretan, Jose Ramon Izagirre –Gorkaren aita– eta Iñaki Maiora ormaiztegiarrak ere ariko dira.
Beste berezitasun bat, emakumezkoen taldea ere osatu dutela da, Joane Somarriba buru dutela. Baita bertako txirrindulariekin osatutako Txapel Gorri taldea ere. Allí abajo taldean berriz, Oscar Terol, Iker Galarza, Gorka Aginagalde eta Iñigo Salinero aktoreek parte hartuko dute.
Marino Lejarreta bera ere Ordiziako aurkezpenean izan da gaur eguerdian. Hainbeste txirrindulari ohi eta lagun elkartuta ikustea, beretzako ere “pozgarria eta egun polita” izango dela azaldu du. Esker ona agertu die probaren antolatzaileei, eta bere garaipenik handiena, txirrindularitza utzi eta hainbeste urtetara, «oraindik ere garai haiek bizitzen» aritzea dela adierazi du.