Bihar hasiko da Sagardo Astea Igartubeiti baserri museoan
Urriaren 16ra bitartean egingo dute aurten Ezkio-Itsason Sagardo Astea, bihar hasita. Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagardo lehiaketako irabazleei diplomak banatzea izango da lehen ekitaldia, eta jarraian hasiko da sagarren aurtengo lehen zanpaketa eta antzezpena, 18:30ean.
Bihar hasita, egunero egingo dituzte zanpaketak, 11:30ean hasita, eta asteburuetan 12:00etan eta 17:00etan. Igartubeitik jakinarazi dutenez, “aurten lehen aldiz bisitariek sagar prentsaketaz gozatzeko aurrez izena emateko aukera izango dute”. Zanpaketa baikoita baino lehen 50 kilo sagar gehituko dira kirikoketa erakustaldi bat egiteko. Asteburuetan, berriz, 150 kilo gehituko dira zanpaketa bakoitzaren aurretik, Jo ala Jo elkarteko kideek kirikoketa egokia egin dezaten.
Antzezpenak eta kirikoketak
Ezkio-Itsasoko eta Yartu elkarteko kide diren bost bizilagunek, XVII.mende hasieran Igartubeitin bizi izandako Kortabarria familiaren bizimodua antzeztuko dute asteburuan. Garaiko jantziekin, baserria eta bertako eginbeharrak erakutsiko dizkiete bisitariei, eta Arizkungo Jo ala Jo taldeak kirikoketa erritmoan zanpatuko dituzte sagarrak.
Ohiko ekintzez gain, Sagardo Asteak irauten duen bitartean Ezkio-Itsason bildutako sagar mota ezberdinak ikusteko aukera ere egongo da, eta dastaketak ere egingo dituzte Jakoba Errekondoren eskutik. Ezkioko San Migel elizara ere bisita gidatuak egingo dituzte asteburuan, eta herriko jatetxeetan menu bereziak eskainiko dituzte.
Bertatik Bertara sukaldaritza tailerra eta dastaketa urriaren 16an izango da eta Sagarra&sagardoa errezeta lehiaketa ere martxan dago.