Hondakin bilketa erabakitzeko galdeketa egin nahi du udalak
Galdeketa «loteslea» izango dela aurreratu du alkateak. Udalbatzaren gehiengoak onespena emanda, galdera eta data zehazteko prozesua jarriko dute martxanLegazpiko Udalak hartutako erabakiaren ondotik, Ordiziako Udalak ere hondakinen bilketa sistemare...
Galdeketa «loteslea» izango dela aurreratu du alkateak. Udalbatzaren gehiengoak onespena emanda, galdera eta data zehazteko prozesua jarriko dute martxan
Legazpiko Udalak hartutako erabakiaren ondotik, Ordiziako Udalak ere hondakinen bilketa sistemaren inguruko galdeketa egiteko prozesua hasi du. Hala proposatu zuen atzo EAJk, osoko bilkurara aurkeztutako testuan. Gobernu taldearen babesa du proposamenak eta galdeketa hori «loteslea» izango litzatekeela aurreratu du alkateak. Epeak, galderaren edukia eta gainontzeko xehetasunak aurrerago zehaztuko dituzte.Jeltzaleek nahiz sozialistek udal hauteskundeetako programetan jaso zuten hondakinen bilketaren inguruko galdeketa egiteko asmoa. Behin udal gobernua osatuta, alkatetzara iritsi zireneko 100 egunak bete berritan, egitasmo horri heltzea erabaki dute. Plenoan landutako testua lehen pausoa besterik ez da izango bide horretan. Jose Migel Santamaria alkateak azaldu duenez, «udalbatzari eskatu dioguna da hondakinen inguruko kontsulta lotesle bat egiteko prozesua martxan jarri dezala». Proposamena EAJren izenean aurkeztu badute ere, «helburua ahalik eta adostuena» izatea dela dio alkateak.
Oraingoz ez dute galdeketaren data zehaztu, eta ez dute galderaren inguruko xehetasunen inguruan hitz egin. Hori, behin prozesua hasitakoan hitz egingo dela azaldu du Santamariak, horretarako sortuko litzatekeen lantalde baten bidez. Hala ere, herritarrek zein bilketa sistema nahiago duten erabakitzeko aukera izango dutela argitu du Santamariak.
Atez atekoak bi urte
Ordiziako Udalak, EH Bilduk gidatuta, 2013an onartu zuen atez ateko bilketa martxan jartzea. Urte hartan, birziklatze tasa %36koa izatetik, urte bukaeran %70era iristea lortu zuten, Sasietak emandako datuen arabera. Dagoeneko bi urte egin ditu sistema horrek, eta aurtengo lehen seihilekoan %73ko birziklatze tasara iristea lortu dute.
Gai polemikoa izan da hasieratik. Oposizioko alderdiak, EAJ eta PSE-EE buru zirela, atez atekoaren kontra eta bosgarren edukiontziaren alde agertu ziren. Atez atekoaren kontrako plataformak eta bi alderdiok gidatuta, sinadura bilketa, galdeketa eta manifestazioa ere egin zituzten 2013an.