39. Euskal Herriko Dantza Txapelketa larunbatean jokatuko da Segurako Baratze pilotalekuan, 18:00etan.
Dantza txapelketa aurkezten, Antton Mendizabal, Eñaut Telleria, Mari Jose Telleria eta Andoni Salas. / Arg.: Maialen Igartua
Segurako Udalak 39. urtez antolatu du aurten Euskal Herriko Dantza Txapelketa, Gipuzkoako Euskal Dantzarien Biltzarraren eta Euskal Telebistaren laguntzarekin. Larunbatean izango da, 18:00etan, Baratze pilotalekuan, eta hamalau bikotek parte hartuko dute. Txapelketako atsedenaldian
Txinparta Beltza taldearen emanaldia izango da.
Antolatzaileen erronka izan da azken urteetan Euskal Herriko lurralde guztietako jendeak parte hartzea, parte hartzaile gehienak gipuzkoarrak izaten baitira gehienetan. Aurten, parte hartzaile kopurua igotzeaz gain —iaz baino lau bikote gehiago—,
bost lurraldetako ordezkaritza lortu dute: Arabako, Bizkaiako, Nafarroako eta Lapurdiko bikote bana izango dira txapelketan. Gainontzeko hamarrak, gipuzkoarrak.
Goierriko dantzari bakarra izango da Segurako txapelketan:
Ibai Jimenez zaldibiarra. Iratxe Lizarbururekin batera parte hartuko du, eta Ibarra (Gipuzkoa) herria ordezkatuko dute. Iaz ere parte hartu zuen bikoteak, eta zazpigarren geratu ziren.
Iazko irabazleek, Amets Amubieta eta Maialen Aldalur azpeitiarrek, ez dute bikote modura parte hartuko aurten. Amubieta txapelketan izango da, baina beste bikote batekin.
Bestalde,
“bikote berri dezente” izango direla esan du Antton Mendizabal Euskal Dantzarein Biltzarreko koordinatzaileak. Bikote
bakoitzak fandango bat eta arin arin bat dantzatu beharko ditu. Alderdi teknikoa zein artistikoa baloratuko ditu epaimahaiak.
Esperientziadun epaimahaia
Epaimahaia Ander Garitonandiak, Arantxa Garinek, Nahikari Vizuetek, Koro Sarasolak eta Xabier Mendizabalek osatuko dute. “Esperientziadunak dira dantza munduan, eta, gainera, esperientzia dute epaile lanetan”, azaldu du Mendizabalek.
Izaro Iraetak eta Imanol Artolak aurkeztuko dute saioa . Nerea Aliasek, berriz, dantzariekin hitz egingo du.
Bikote irabazleak
Nestor Basterretxearen eskultura jasoko du Segurako Udalaren eskutik. Horrez gain, 700 euro, txapela, lepokoa, trofeoa eta lau bidaia ere jasoko dituzte. Bigarren bikoteak 500 euroko saria izango du, eta hirugarrenak 400 eurokoa. Jantzien saria ere banatuko dute, eta lehenengo hiruen artean sailkatu ez direnek 100 euro jasoko dituzte.
Segurako dantza txapelketa
EiTBn emango dute gaueko hamarretan. Aurretik, txapelketaren 20. urteurrenean Agustin Ezenarroke eta Iñigo Vaquerizak egindako erreportajea eskainiko dute.
PARTE HARTZAILEAK
Beñat Olano-Paula Gonzalez. Gasteiz.
Manex Alberdi-Amaia Agirre. Bergara.
Xabier Artola-Idoia Besada. Irura-Pasaia.
Mapi Egues-Ane Zubelzu. Ibarra.
Asier Ibarguren-Garazi Gurrutxaga. Azpeitia.
Lander Campos-Haizea Ormaetxea. Santurtzi-Leioa. (2013ko irabazleak).
Iker Sanz-Lierni Kamio. Lezo-Villabona.
Mikel Subinas-Maite Beobide. Azpeitia.
Aimar Odriozola-Izaro Urrestarazu. Ibarra.
Beñat Urrutia-Manex Moreno. Sopela-Leitza.
Amets Amubieta-Larraitz Larrañaga. Azpeitia. (Amubietak iazko txapelketa irabazi zuen, Maialen Aldalurrekin).
Jon Ander Iriondo-Libe Lizaso. Azpeitia.
Ibai Jimenez-Iratxe Lizarburu. Zaldibia-Ibarra.
Pierre Latasa-Anais Zugarramurdy. Urruña-Donibane Lohitzune.