Urriaren azken astean hasiko dira kaleko edukiontzietan biltzen. Organikoarena eta errefusarena txartelekin ireki ahalko dira. Gaikako bereizketan «erraztasunak» ematea da aldaketaren zioaLazkao izango da atez ateko bilketa sistema kenduko duen Gipuz...
Urriaren azken astean hasiko dira kaleko edukiontzietan biltzen. Organikoarena eta errefusarena txartelekin ireki ahalko dira. Gaikako bereizketan «erraztasunak» ematea da aldaketaren zioa
Urriaren azkeneko astean, aurreragoko modura itzuliko da bilketa, kaleko edukiontzien bidez jasotzera. Lazkaoko Udalak uztailaren bukaerako osoko bilkuran onartu zuen aldatzea.
Lehenago zeuden puntuetan jarriko dituzte atzera edukiontziak. Aldaketa bat izango da: errefusaren ontzia ere txartel magnetikoarekin zabaldu beharko du erabiltzaileak, hondakin organikoena bezalaxe.
«Gaur egun egiten den berdina egingo da, gaikako bilketa. Birziklatzen duenarentzat erraztu egingo da. Jendeari eskatu nahi diogu hondakinak bereizten jarrai dezala», azaldu du Lazkaoko alkate Felix Urkolak.
Urriko azken astean jarriko dituzte edukiontziak. Errefusarena gris kolorekoa izango da, garai bateko orlegiaren ordez.
Errefusaren eta organikoaren kamioi biltzailea astean hiru egunetan pasatuko da. «Saiatu errefusa hiru egun horietan ateratzen», dio alkateak.
Erraztasuna bilatu nahian
«Ez birziklatzeko, geure buruari zailtasun bat» jarriko dio txartela erabili behar izateak. Etxe bakoitzak errefusaren eta organikoaren ontzia noiz zabaltzen duen erregistratuta geratuko da, eta informazio hori Sasietak kudeatuko du, etorkizunean kanpainak edo sentiberatzeak egiteko.
Bestetik, edukiontziekin hondakinak eguneko 24 orduetan atera ahalko direla baloratu du udalak. «Pixoihalak, arrain papera… bota behar direnez, edozein unetan atera ahal izatea erraztasuna da».
Edukiontzi bidez bereizte tasa jaisteko arriskurik baden galdetuta —atez atekoarekin, 2015ean bataz beste %75eko tasa izan da, irailera arte—, ezetz dio alkateak. «Herritarrengan sinisten dugu. Gaika biltzen ari garen eran, ez da jartzen eragozpenik».
Ekonomikoki, bilketa modu berria 45.000 euro gutxiago kostako dela aurreratu du Urkolak.
Komertzioan trataera berezia jarriko dute, bakoitzarekin hitz eginda. Etxeetako ontziak jaso edo entregatu, aukeran utzi da.